Hirekin zentroaren lehen harria jarri dute

Ekintzailetzaren bitartez industriaren jasangarritasuna eta digitalizazioa bultzatzea izango du helburu. 2024ko erdialdean bukatzea aurreikusi da

Hirekin zentroaren aurkezpena, gaur goizean, Arrasaten | Argazkia: MU Hirekin zentroaren aurkezpena, gaur goizean, Arrasaten | Argazkia: MU

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak berrikuntza industrialeko zentro berria sustatu du: Hirekin, Arrasateko (Gipuzkoa) Uribarri auzoan kokatua. Egitasmoa gaur goizean aurkeztu dute unibertsitatearen egoitzan, lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoan. izan ere, "harri bat baino gehiago jarrita" dagoela oroitarazi du Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, ingurua berrurbanizatzeko lehen fasea amaitzeke baitago. Dena den, ekitaldia egitea erabaki dute askotariko eragileek industria berriaren aldeko "apustuari eusten diotela".

Zentroak industriaren deskarbonizazioari ekarpena egin nahi dio, hiru zutabe oinarri hartuta: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa, eta jasangarritasuna. Era berean, elkargune izan nahi du enpresa, ekintzaile, irakasle eta ikasleentzat, haien arteko elkarlana bultzatzeko asmoz. Horretarako eraikin berri bat egiten ari dira Trefasa enpresarena izandako orubean. 6.000 m2ko espazioa izango du, eta ekipamenduz hornituta izango da prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko, baita bilerak eta bestelako sorkuntzak eduki ere. Proiektuak 8 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du, eta, ondo bidean, 2024ko erdialdean zabalduko ditu ateak. Momentuz, lehen fasearen kostuak 3 milioi eurokoak izan dira.

Mondragonekin batera, beste zortzi eragilek sustatu dute proiektua: Saiolanek, Ikerlanek, Fagor taldeak eta Gizabidea fundazioak, Debagoieneko Mankomunitateak, Iseak, Galbainek eta
Garaia Parke Teknologikoak. Aurkezpenean izan dira, besteak beste: Iñigo Ucín, Mondragon korporazioko lehendakaria, eta Carlos García Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusia; Josean Alustiza, Gizabidea Fundazioko lehendakaria; Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Javier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatua; eta Jokin Bildarratz eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK