Euskal berrikuntzaren indarra nola dagoen jakiteko, arratsalde oso berezia eman zen atzo Bilboko Euskalduna Jauregian. Innobasquek antolatutako Global Innovation Day jaialdiaren XV. edizioa egin zen eta bertan ideia eta proposamen berritzaileak ezagutzeko aukera egon zen. Innobasquek zortzi kasu praktiko aukeratu zituen jardunaldian zehar ezagutarazteko. Horietatik bi gertutik ezagutzeko aukera izan dugu EnpresaBIDEAn.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
GeoBilbao: Mapa baten geruzekin lanean
BilbaoTIK entitate publikoak GeoBilbao plataforma aurkeztu zuen. Agerian mapa soil bat dela dirudi, baina Bizkaiko hiriburuko kartografia jasotzen duen plataforma transbertsala da. Bertan, hiritarrek informazio asko aurki dezakete, besteak beste: autobusen kokapena denbora errealean, kiroldegien okupazioa, hondakin organikoaren edukiontzi gertuena, OTA plazak, eta abar. Administrazioarentzat aldiz, bestelako erabilerak ditu. Lan aurreikuspenak egin daitezke, hirian aldaketak egiteko simulazioak egin daitezke eta udaletxeko langileek egiten dituzten hiri lanak bertan erregistra daitezke.
Jose Manuel Mato proiektuaren burua da eta BilbaoTIKeko Smart Data eta Korporazio Zerbitzuen zuzendariordea. Proiektu hau aurrera eramateko Bilboko udaleko sail desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izan dela argi du. Tresna bateratu baten beharra ikusi zen duela urte batzuk. Hasiera hartan, nahiko berritzailea zen arkitektura baten gainean eraikitzen hasi ziren GeoBilbao. Matok azaldu duenez, lehen bertsioa atera zutenean, beste administrazio publikoei erakusteko apustua egin zuten, plataforma sendoago bat egiteko helburuarekin.
Sistema informatiko hau Bilboko udalean sortu bada ere, bere alderdirik interesgarriena eta indartsuena da kodea partekatzen ari direla bestelako erakundeekin. Beste administrazio batek tresna berri bat garatzen duenean, plataforma honetan integratu daiteke. Garapena denen artean egiterakoan, produktuaren bilakaera askoz errazagoa dela jakinarazi du Matok. Oinarrizko muina Bilbotik kudeatzen da, baina garapena partekatua da. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin ari dira elkarlanean, besteak beste. GeoBilbaoren teknologiak gure lurraldetik at atentzioa eman du. Espainiar estatuko beste administrazio batzuek ere, kodea eskatu diete euren erakundeetan erabiltzeko.
Sistema informatiko hau Bilboko udalean sortu bada ere, bere alderdirik interesgarriena eta indartsuena da kodea partekatzen ari direla bestelako erakundeekin
GeoBilbao aplikazioak administrazioaren egunerokoa aldatu duela adierazi du Matok. Tresna honen barruan, aginte-panelak daude eta sail bakoitzak bere zerbitzua nola doan ikus dezake. Bisore kartografiko honen bitartez, elementuak editatzea ahalbidetzen du. Udal-enpresek kaleko edozein elementu berri jarri baino lehenago, aplikazioaren bitartez simulazioa egin dezakete. Kale-argi berri bat jarri behar bada, mapan marraztu daiteke eta bertan ezaugarriak eta haren datuak ezarri daitezke. Lanak egin baino lehenago, simulazioak egiteko baliagarria den tresna bat da. Horretarako, biki digitalak txertatzen dira, hau da, hiriaren erreplika baten gainean lan egiten da aldaketak zein eragin izan ditzakeen aztertzeko. Agertoki desberdinak sortu ostean, emaitza onenak ematen dituena aplika daiteke. Modu honetan, erabakiak aldez aurretik egiaztatutako datuetan oinarrituta hartzeko aukera dago. Besteak beste, uholdeekin zer gertatu daitekeen ikusi daiteke. Bilboko itsasadarraren emaria handituko balitz, hiriaren puntu desberdinetan zer gertatu daitekeen erakutsi dezake plataforma honek.
Horretaz gain, Bilbo nola aldatu den ikusteko aukera ematen du tresna honek. 1970eko hamarkadatik gaur egunera arte hiriaren eboluzioa ikus daiteke. GeoBilbaok argi erakusten du sektore publikotik ere puntako teknologiak garatu daitezkeela baliabide propioekin eta lankidetza-eredu ireki bati jarraituz. Matoren arabera, tresna honek udal-kudeaketaren eraginkortasuna biderkatu du Bilbon, sail desberdinen arteko harresia eraitsiz eta datuak herritarren zein teknikarien zerbitzura jarriz.
Teknologia berritzailea enpresa pribatuen esku bakarrik ez dagoela frogatu dute GeoBilbaon lan egiten dutenek
Atzoko topaketan parte hartzea benetako ohorea izan da Matorentzat. Proiektua sortu zuten pertsonak oso gogotsu lan egiten dutela nabarmendu du eta administrazio publikoan horrelako produktu berritzaile bat garatzeko aukera izatea azpimarratu du. Teknologia berritzailea enpresa pribatuen esku bakarrik ez dagoela frogatu dute GeoBilbaon lan egiten dutenek. Matorentzat Global Innovation Dayn parte hartzea sari bat izan da, batez ere, lan taldearen ibilbidea saritzen baita.
Fast: uholdeak aurreikusteko teknologia
Teknologiak bizitzaren alderdi desberdinak aurreikusteko balio dezake eta hori oso argi dauka Jagoba Lupiolak Intellialert Technologieseko CEOak. FAST plataforma sortu du, uholdeak eta beste fenomeno klimatiko batzuk iragartzeko. Horretarako, Tecnalia eta Team ingeniaritzarekin lan egin du eta adimen artifiziala erabili dute plataforman. Proiektu hau Global Innovation Day jardunaldian aurkeztu den beste praktika bat da. Ikerketa proiektu batean hasi zen teknologia honen garapena eta merkaturatzeko aukerak zituela ikusi zuten.
Euriak eta ekaitzak meteorologiak igartzen ditu, baina horiek lurraldean nola eragingo duten aztertzeko beste bide batzuk bilatu dituzte ikerketa honen bitartez. Lupiolak azaldu duenaren arabera, uholde bat aztertzen dugunean, lehenik eta behin bereizi behar da zer uholde mota gertatzen den. Euri-uholdea izan daiteke; hau da, euri asko egiten du bat-batean eta dena ur azpian geratzen da, besteak beste, Bilboko Alde Zaharrean duela hilabete gertatu zena. Beste uholde mota ibai-uholdea da. Honetan euriak eragina du ere, baina ibaiaren hazkundeak gainezka egitea ekar dezake eta eremu batzuk urperatzen ditu. Uholde hauetan ere bi mota daude: ibai handien uholdeak eta uholde azkarrak, edo ingelesez flash floods deritzenak. Azken hauek aurreikusteko zailenak dira. Horren adibide garbiena, Valentzian gertatu zen danaren kasua da. Lupiolaren proiektuaren teknologia uholde mota horretan ezarri dute. Lupiolak argi du, eredu meteorologikoetan bakarrik oinarrituta, erreakzionatzeko denborarik ez dagoela. Ikertzailearen arabera, meteorologian aldagai ugari erabiltzen dira eta batzuetan ez da guztiz zehatz asmatzen. Horregatik, beraien proiektuak ziurgabetasuna ahalik eta gehien murriztean datza eta epe laburrean aurreikuspen hobeak lortzean.
Enpresak bi urte ditu eta jada proiektu pilotuak egin dituzte bezero batzuekin. Pixkanaka hazten ari dira eta lizitazioetara eta kontratu pribatuetara aurkezten hasi dira. Une honetan hiru bezero mota dituzte. Lehenak, udalak eta hiriak dira eta beren helburua lurraldea zaintzea da. Bigarren bezero mota industriako enpresak dira, uholdeen eragina ezagutu behar dutelako eta arrisku lekuetatik gertu badaude bestelako eraginak izan ditzaketelako. Lupiolak esan duenez, nazioarteko enpresetan horrelako faktoreak aseguruetan eta arrisku-klausuletan eragina du. Azkenik, azpiegitura-kudeatzaileak bere enpresaren bezeroak dira ere. Uholde-arriskupeko eremuetan dauden azpiegitura asko daude eta horren kudeaketa prebentiboa egitea ezinbestekoa da errepideetan, trenbideetan eta bestelako azpiegituretan.

Bezeroek dituzten beharren arabera lan egiten dute eta lehen pausoa eremuaren inguruko informazio guztia jasotzean datza. Ibaien mailari buruz egon daitekeen informazioa, estazio meteorologikoena eta bestelakoak algoritmoetan sartzen dituzte. Puntu kritikoetan, sentsoreak jartzen dituzte egoera kontrolatuta izateko. Modu horretan, pronostikoekin eta denbora errealean jasotako informazioarekin aurreikuspenak eguneratzen dira. Informazio hori bezeroak plataforma batean eskuragarri du eta abisu automatikoak jaso ditzake telefonoan.
Bezeroek dituzten beharren arabera lan egiten dute eta lehen pausoa eremuaren inguruko informazio guztia jasotzean datza
Global Innovation Day jardunaldian parte hartzeak proiektu hau ezagutzera emateko aukera ezinbestekoa dela uste du Lupiolak. Arriskuak minimizatzeko teknologiak daudela erakutsi nahi izan dute eta arrisku klimatikoen aurrean jokatzeko bideak azaldu. Azken urteetan, prezipitazio handiak eta uholdeak intentsitate handiagokoak direla ikusi da eta gizartearen zati bat arduratua dago, batez ere arrisku eremuetan bizi diren pertsonak. Egoera horri aurre egiteko helburua du FAST plataformak, batez ere kalte pertsonal eta materialak ekiditeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta