• BERRIKUNTZA
  • Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eratzeko bilera egin dute Donostian

Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eratzeko bilera egin dute Donostian

Autonomia-estatutuetan aitortutako hizkuntza propioak dituzten Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako ordezkariek osatuko dute kontseilua

Bilera aurretik ateratako argazkia, Donostiako Miramar Jauregian | Argazkia: EHU
Bilera aurretik ateratako argazkia, Donostiako Miramar Jauregian | Argazkia: EHU
2025eko azaroaren 3a - 16:56

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Hizkuntza Ofizialen Kontseilua eratzeko bilera antolatu du gaur arratsaldean Donostiako Miramar Jauregian. Autonomia-estatutuetan aitortutako hizkuntza propioak dituzten Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako ordezkariek eta erakunde garrantzitsuek osatuko dute kontseilua, eta egitura berria izango du aurrerantzean.

 

Kontseiluaren osaera berria joan den irailean BOEko 232. zenbakian argitaratu zuen Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak. Organo horren forma eta funtsa erabat aldatuko da orain, izan ere, gaur arteko organoaren esparrua Estatuko Administrazio Orokorrarena baitzen soilik.

Hizkuntza Ofizialen Kontseilua 2008an sortu zen, herritarren hizkuntza-eskubideei arreta hobea emateko asmoz, eta 2018tik aurrera, proiektua nabarmen hazi da. Hizkuntza ofizialak dituzten autonomia-erkidegoak gonbidatu izan dituzte bileretara, baita arlo horretan garrantzitsuak diren eragile berriak ere, hala nola erakunde publikoak, akademiak edo hizkuntza-institutuak. Hazkunde horren erakusle da irailean eraldatu berri den organoa.

 

Gaurko bilera probestuz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroak jardunaldi bat antolatu du bihar. Teknologia digitalei eta hizkuntza-azpiegiturei buruz arituko dira zenbait aditu Miramar Jauregian. Espainiako Estatuko Ilenia proiektuaren nondik norakoak ere azalduko dituzte.