Hydrotecnak ureztatzeak digitalizatzeko lehen programatzailea sortu du

Nekazariek erabiltzen duten edozein sistematara egokitzen da. Datozen egunetan merkaturatuko da

Hydrotecnaren programatzailea | Argazkia: Hydrotecna Hydrotecnaren programatzailea | Argazkia: Hydrotecna

Lorezaintzari edota soroei lotuta, normalean botoiak dituzten kaxa batzuk egoten dira, ureztatzeko ordua eta eremua programatzeko. Hydrotecnak beste urrats bat eman nahi izan du eta ureztatzeak telekontrolatzeko lehen gailua garatu du, eskuzkoa alde batera utzita. Beste ekipo batzuekiko duen aldea da nekazariek erabiltzen duten edozein sistematara egokitzen dela, prozesua sinplifikatuz. Miguel Angel Campok, Jesus Zapateriak, Miguel Preciadosek, Gonzalo Bañonek eta Cooperativa de Artajonak osatu dute Hydrotecna enpresa nafarra. Azaldu dutenez, “beharrezkoa zen ingeniaritza teknologia berrietara egokitzea”, eta hala sortu zen programatzailea sortzeko ideia.

Duela lau urte ekin zioten ikerketa lanari eta azkenean lortu dute ureztatzeak digitalizatzeko lehen programatzailea sortzea, enpresaren izen bera hartu duena. Hydrotecna dagoeneko instalatuta dagoen edozein ureztatze-sistemara egokitu daiteke: “Digitalizatu egiten dugu beste batzuk bezala, baina nekazariak landan duen ezer aldatu gabe. Balio erantsia da teknologia berriak pixkanaka sartzen ditugula nekazaritzaren sektorean, ekoizleak gure aplikazioaren mende egon gabe. Programatzaile unibertsal horri esker, ohiko sistema eskuz erabil dezakete eta, gainera, gure kutxatila gehitu teknologia berriekin”, azaldu du Miguel Angel Campo sortzaileetako batek.

Sisteman sartu dituzten berritasunen artean hezetasun zundak ere badaude, lurzorutik datuak ateratzeaz arduratzen dena, eremu bakoitzaren egoera ezagutu ahal izateko. Lurraren bizi-konstanteak neurtzeko aukera ematen dute, seinale horiekin sustraiak zer nolako hidratazio maila duten jakiteko. Dena den, kontuan izan behar da lursail guztiak ez direla homogeneoak, eta, horregatik, beste hobekuntza bat egiten ari direla beren proiekturako: sektorizazioa. Diseinu-fasean, eta gailua instalatu aurretik, lurzoru hori nolakoa den definitzen dute zatika, eta zenbat ur behar duen ikertzen dute. Ondorioz, landareak sufritzen badu, ura ematen diote, baina modu adimentsuan. Sentsoreei esker, gainera, ura non, zenbat eta zein sektoretan behar den jakitea lortzen dute.

Ustiatu gabe dauden lursailetan, urrats bat harago ere badoaz: “Lurren lehen diseinua egiten dugu. Hau da, lurzatia sektoreka banatzen dugu, lurzoruaren homogeneotasuna bilatzen saiatuz. Datu sateliteetan oinarritzen gara, eta hori ere ez du inork egiten. Dagoeneko muntatuta dauden instalazioetan sartzen gara lehen aldiz, baina orain algoritmo bat lortzen saiatzen ari gara, automatikoki sektoreka banatzen gaituena”, adierazi dute sortzaileek.

Nekazariari ezagutu behar dituen datu guztiak eskaintzea da Hydrotecnako programatzailearen helburu nagusia, aplikazio bakarrean bateratuta, modu erraz eta eraginkorrean. Datozen egunetan merkaturatuko da programatzaile berria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK