
EAEko zenbait enpresen datuak jasota, 2025ean I+G arloan inbertituko denaren aurreikuspenak aurkeztu ditu gaur Innobasquek. “Euskadin I+G arloan 2025erako egingo den inbertsioaren estimazioa” izena duen txostena osatzeko lanketan parte hartu dute, hain zuzen, I+Gko enpresa-inbertsioaren %40 ordezkatzen duten hamazazpi “enpresa trakziogileek”: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia. Konpainia horiek 240.000 pertsona enplegatzen dituzte, eta egungo beraien I+G jarduera EAEn 500 milioi euro ingurukoa da.
Txostenaren emaitzen arabera, ordea, zifra hori are handiagoa izango da aurten. Izan ere, inbertsioa %8,4 handitzea aurreikusten da, orotara 2.2400 milioi euro bideratuta I+G arlora, gutxi gorabehera. Duela bi urte, 2023an, inbertsioa 2.002 milioi eurokoa izan zen Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eskainitako datuen arabera. 2025eko aurreikuspenen arabera, inbertituko den diruaren gehiengoa enpresek jarriko dute, zehazki, 1.389 milioi euro (2024an baino %10,3 gehiago); administrazio publikoak 777 milioi inbertituko ditu (+%6,7) eta nazioarteko finantzaketaren eskutik 178 milioi euro jasoko dira; azkenik, bestelako iturrietatik 51 milioi euro eskuratzea aurreikusi da.
Parte hartu duten enpresak baikor agertu dira aurreikuspenei dagokionez, AEBn berriki hartu diren muga-zergei buruzko neurriak kezka sortu badute ere, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela “apustu egiten jarraitzea jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren, AAren eta I+G arloa dibertsifikatzearen alde”.
Estimazioak egiteko Berrikuntzaren Euskal Agentziak garatutako estatistika tresna erabili da, zeinak kontuan hartzen dituen I+G arloko EAEko aurrekontuak, Jaurlaritzak landutako BPGren bilakaera eta sektoreko enpresen aurreikuspenak.