
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere XVIII. Batzar Nagusia egin du gaur goizean Getxoko (Bizkaia) Itsas Geltokian. Agentziak aurreko urtean eginiko jardueren balantzea egin du eta 2025eko aurrekontua aurkeztu du.
2024an, guztira 982 enpresa txikik eta ertainek hartu dute parte berrikuntza bultzatzeko Innobasque jardueretan. SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Hazinnova programa bultzatu du, zeinetan 364 enpresek 499 berrikuntza-proiektu gauzatu dituzten azken urtean. Halaber, Lanbiderekin elkarlanean Lan Mentoring programak 60 enpresa hartu ditu lehen fase pilotuan.
EAEko I+G+b arloa nazioartera zabaltzeko eta bide horretan aukera gehiago izateko lanean jarraitu du Berrikuntzaren Euskal Agentziak. 2024an, guztira 204 entitatek hartu dute parte atzerrian beren presentzia sendotzeko helburua zuten jardueretan.
Era berean, Innobasquek bat egin du Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren egiturako CDTI zentroaren PIDI sarearekin, eta horri esker, I+G+b arloaren finantzaketa publikoari buruzko aholkularitza zuzena emateko eragileen zorroa handitu du.
Imanol Rego martxoan izendatu zuten Innobasqueko presidente, eta gaurko batzar nagusian adierazi du "aldaketa esanguratsuko unean" dela Innobasque. “Innobasque funtsezko eragilea da berrikuntzaren ekosisteman, eta norabide bateratu horrek sendotu egin behar gaitu posizio horretan. Ekosistema horri esker, I+G arloko inbertsioa hazi egin da, eta 2.000 milioi eurotik gorakoa izan da 2024an. Hazkunde horren iraunkortasuna bermatzeko palanka izan behar dugu, eta erresiliente ere izan behar dugu, datozen urteetan sortuko zaizkigun ziurgabetasun eta zalantzen aurrean”, azaldu du.
Berrikuntzak lurraldearen eta pertsonen eraldaketarako duen indarra ere aldarrikatu du Innobasqueko presidenteak. “Ez da nahikoa berrikuntzak produkzioari edo lehiakortasunari dagokionean duen inpaktua neurtzea; berrikuntzaren egiazko balioa eraldatzen duen horretan dago, zein lagungarri den bizitza-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, nolako gaitasuna duen gizartearen sareak sendotzeko eta haren erronka konplexuenei erantzuteko”.
Horrekin batera, jakinarazi du datozen hilabeteetan EAEko ekosistema sendotzeko hainbat tresna eta baliabide jarriko direla indarrean, hala nola zientzia eta teknologia arloko politika berriak eta industria-garapenerako etorkizuneko plana.