Ibilgailuetako segurtasuna hobetzeko teknologia garatzen ari dira Tekniker eta Masermic

Zentro teknologikoak ADAS sistemen eraginkortasuna hobetu nahi du, eta enpresa gipuzkoarrak ekoiztutako sistema elektronikoan parte hartuko du

Argazkia: Tekniker Argazkia: Tekniker

Gidatzerako garaian ibilgailuko pertsonen nahiz errepideko gainerako erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko asmoz, adimen artifizialaz ondutako gailu bat ari da garatzen Masermic enpresa gipuzkoarra Teknikerren laguntzarekin.

ADAS (Gidatzen Laguntzeko Sistema Aurreratuak) izeneko sistema martxan jartzea ahalbidetuko du Tekniker eta Masermicen lankidetzak. Hala, Teknikerrek hardware elektronikoaren, sentsore optikoen eta adimen artifizialaren diseinuan eta garapenean lagunduko du.

David Cantero Teknikerreko ikertzailearen hitzetan, soluzio honek pertsonak, beste ibilgailu batzuk, semaforoak eta trafiko seinaleak antzemateko balioko du. “Informazio hori, bideo sekuentziarekin batera, autoa kontrolatzeko sistema elektronikoetara transmititzen da, eta gidatzeko laguntza hobetzeko aukera ematen du, seguruagoa eta autonomoagoa izan dadin”, azaldu du.

Halaber, lortutako datuek balio handiko informazioa dute zentro teknologikoaren arabera, eta alarmak aktibatzeko erabili daiteke, eta beste ibilgailu edo oinezkoen hurbiltasunaz ohartarazteko, besteak beste.

Hortaz, Teknikerren soluzioak ADAS sistemen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea du helburu, eta Masermicek fabrikatutako sistema elektronikoaren parte izango da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK