Idekok %12,4 handitu du fakturazioa 2025ean

Teknologia zentroak inoizko diru-sarrera handienak izan ditu, eta 14 milioi euroko eskaera zorroa du

Idekoren batzar orokorra | Argazkia: Ideko
Idekoren batzar orokorra | Argazkia: Ideko
2026ko maiatzaren 4a - 12:53

Ideko zentro teknologikoak inoizko fakturazio handiena izan zuen iaz. 14,5 milioi euro fakturatu zituen, 2024an baino %12,4 gehiago. Diru-sarreren %54 (7,8 milioi euro) enpresei bideratutako teknologia transferentziengatik lortu zuen, besteak beste, sektore aeronautikoan, energetikoan edota makina-erremintan.

 

Gainerako diru-sarrerak (%46, 6,7 milioi euro) finantzaketa publikoa duten ikerketa eta espezializazio jardueretatik etorri ziren: %16 Europako programetatik, %24 Eusko Jaurlaritzatik, %1 Gipuzkoako Foru Aldunditik eta %5 Espainiako Estatuko Administrazio Orokorretik.

BRTA aliantzako kide den teknologia zentroak aurkeztutako 2025eko balantzean nabarmentzekoa izan da inoizko eskaera zorro handiena (14 milioi euro), baita azpiegiturak eta instalazioak hobetzeko egindako inbertsioa ere, 1,1 milioi eurotik gorakoa.

 

Datuok Idekoren azken batzar nagusian aurkeztu dituzte. Xabier Alzaga teknologia zentroko presidenteak eta Rafael Lizarralde zuzendari nagusiak gidatu dute bilkura, eta biek ala biek emaitzen balorazio positiboa egin eta 2026rako lan-ildo nagusiak aurreratu dituzte. “Gure I+G jarduera funtsezkoa da teknologia sortzen eta garatzen jarraitzeko, ondoren enpresetara transferitzeko helburuarekin”, azpimarratu du Lizarraldek.

Egun, 138 laguneko lantaldea du Idekok, eta 2025ean 27 artikulu zientifiko, 42 patente aktibo, 41 doktoreko taldea eta doktoretza egiten ari diren 11 ikertzaile dituzte.