Kaosetik kontrolera lau orduko tailer bat da, non helburu nagusia den industria enpresak, batez ere, makina-erreminta eta zerbitzu osagarrien sektorekoak, beren negozioaren finantza kudeaketan dituzten "puntu itsuez jabetzea", bereziki, bi arlo "kritikoetan": stockaren kontrolean eta aurrekontuen prestaketan.
Idoia Iradi eta Lorea Aizpun dira ikastaroaren arduradunak eta azaldu dute tailerra prestakuntza dinamikoa eta parte hartzailea izan dadin diseinatu dutela. Tresna interaktiboak txertatuko dituzte, edukiak modu arin eta atseginean lantzeko aukera emango dutenak, bertaratutako guztien inplikazio aktiboa sustatuz. Aho batez jaso ditu EnpresaBIDEAk bi arduradunen erantzunak.
Nondik dator ikastaroa egiteko ideia?
Tailer askotan, historikoak gainbegiratuta edo bere garaian orduari kostu jakin bat jarrita egiten dituzte aurrekontuak. Horrela, oraingoz fakturatzen ari dira, baina ez dira konturatzen datu asko ez dituztela kontutan hartzen; hala nola, PyGkoa, stockajea… Eta fakturazio hori ez dela erreala, eta gauzak gaizki joaten hasten direnean egoerari buelta ematea zaila izango dela. Hortik dator biok elkarlanean ikastaro hau egitearen ideia. Enpresetako finantza arloak kudeatzen eskarmentu handia dugu. Lotura enpresak datu guzti horiek aztertu eta aurrekontuen konfiguratzailea / software garapen batean zentralizatuta jarriko ditu, bezeroak aurrekontuen prozedura automatizatuta eduki dezan.
Nori zuzenduta dago?
Kaosetik kontrolera aurrekontuak egiteko datuak leku desberdinetatik hartu behar dituzten enpresetara bideratuta dago, izan industria edo zerbitzu sektorekoak. Horiek guztiek ulertu ahal izango dute zergatik aurrekontu asko ez diren errentagarriak, eta egungo baliabideekin gehiago irabazteko aukera emango dien kontrol sistema baten oinarriak ere ikasiko dituzte.
Zer ikasi ahal izango dute ikastaroan?
Parte-hartzaileek aurrekontu zehatz bat egiteko zein datu eta nola erabili behar dituzten ikasiko dute, baita aurrekontu horiek egiteko prozedura nola automatizatu ere. Izan ere, amaieran, parte-hartzaileak gai izango dira identifikatzeko non ari diren dirua galtzen edo marjina txikiagoa lortzen.
"Parte-hartzaileek aurrekontu zehatz bat egiteko zein datu eta nola erabili behar dituzten ikasiko dute"
Ikastaroak zer nolako harrera izatea espero duzue?
Uste dugu harrera ona edukiko duela, baina, esan bezala, enpresak fakturatzen dauden bitartean, ez dira geratuko prozedura hau aztertzera. Badakite ez direla ondo egiten ari, baina ez dute denbora galdu nahi, edo hartu nahi, esan bezala, oraintxe fakturatzen ari direlako.
Zer nolako egitura du?
Ikastaroan aztertuko dugu enpresek stockaren benetako kontrola duten ala ez, aurrekontuak ondo egiten dituen argi duten edo ez, salmentan egiten dituzten deskontuak ausartak diren edo ez, saltzen dituzten produktuekin irabazten edo galtzen ari diren, eta datu horiek guztiak non dituzten eta nola erabiltzen dituzten; ERPa erabiltzen badute, zein datu dituzten ERPan eta zein ez… Ondoren, hori guztia automatizatzeko zer nolako digitalizazioa egin beharko luketen ere erakutsiko diegu.
Zer nolako garrantzia du finantzaketa kudeaketak enpresa batean?
Esan bezala, oso garrantzitsua da, datu hauek kontuan hartuz gero, behar den bezalako aurrekontuak egingo direlako, eta datuen kontrola edukiko dutelako. Finantzez gain, datu guztiak kontrolpean eduki behar dira, eta horretarako ere garrantzitsua da software bat edukitzea.