Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak akordioa erdietsi dute: Ikerketa eta Garapen Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren (I+G+b) arloko eskumena Foru Komunitatearen eskuetara aldatuko da. Hitzartutako testua "laster" aurkeztuko zaio Transferentzien Batzarraren Nafarroako ordezkaritzari, eta horren ostean behin betiko sinatu beharko da eskualdatzea, Estatuko Administrazio Orokorrarekiko batzorde mistoan, hain zuzen ere. Azkenik, eskualdaketa indarrean sartuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (BON) argitaratzen denean.
Gauzak horrela, Nafarroako gobernuaren esku egongo da I+G+b arloko politikak antolatzea zein planifikatzea, ikerketa- eta berrikuntza-programak eta proiektuak kudeatzea zein koordinatzea, ikerketa sareak sustatzea eta horretarako beharrezko azpiegiturak indartzea.
Haatik, Espainiako Gobernuak mantenduko du ikerketa- eta berrikuntza-jarduera guztien koordinazio orokorra, eta era berean, Nafarroako erakundeek Espainiako Gobernuak egiten dituen deialdietara aurkezten jarraitu ahal izango dute, ohiko moduan. Gainera, bi administrazioek elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute, proiektuen izaerak hala eskatzen duenean. Egindako kalkuluen arabera, Foru Administrazioak 13,3 milioi euro kudeatuko dituela aurreikusi da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta