
Ikerlanek auto elektrikoentzako kargagailu “aitzindaria” garatu du, Premium PSU fabrikatzailearen Floox enpresarekin lankidetzan. Bi noranzkoko eta efizientzia handiko haririk gabeko gailu berriari esker posible da auto elektrikoa ibilgailutik jaitsi gabe kargatzea; hala, konpainiek aurrerapausoa eman dute “mugikortasun elektriko eroso, garbi eta konektatuago baterantz”.
Bi kargagailu sortu dituzte: bata, 7,5 kWeko gaitasunekoa, ibilgailu elektriko arinen kargarako; bestea, 22 kWeko karga duena, industria-aplikazioetarako (ibilgailu elektriko astunak, besteak beste). Bi kargagailuen funtzionamendua berbera da: eremu elektromagnetiko bat sortzen dute, sare elektrikotik energia xurgatzen eta bi antenari esker energia hori ibilgailura transferitzen baitute. Bi antenak lurrean eta ibilgailuan kokatzen dira, eta, hortaz, “sendotasun eta fidagarritasun handia” eskaintzen du soluzioak, azpiegitura ezkutuan izanik ez duelako eguraldiak eragindako kalterik jasaten.
Ikerlanek jakinarazi du soluzioa berritzailea dela, gaur egun merkatuan dauden haririk gabeko kargagailuak baino hobea delako. Izan ere, prototipoen errendimendua %92 eta %95 artekoa da, eta merkatuan daudenena, aldiz, %85 eta %90 artekoa. Gainera, bi noranzko dituenez, energia itzultzeko aukera ere eskaintzen du, hau da, ibilgailuko bateriatik beste sare batera energia igorri daiteke. “Itzalaldi bat gertatuz gero, etxeko sare elektrikoari lagun diezaioke”, azaldu du Fernando González Ikerlaneko ikertzaileak.