• BERRIKUNTZA
  • Ibilgailu elektrikoetarako bateria berritzailea sortzen ari dira Ikerlan eta Nuuk Mobility

Ibilgailu elektrikoetarako bateria berritzailea sortzen ari dira Ikerlan eta Nuuk Mobility

Sortutako bateriek bigarren bizitza ere edukiko dute, Cegasaren laguntzaz

Oraindik ere probak egiten ari dira laborategian | Argazkia: Ikerlan
Oraindik ere probak egiten ari dira laborategian | Argazkia: Ikerlan
2025eko ekainaren 18a - 11:11

Nuuk Mobility eta Ikerlan elkarlanean ari dira bateria moldagarri eta berrerabilgarri berri bat diseinatzeko, ibilgailu elektriko arinetarako. Bateria prototipoak ibilgailuen autonomia eta jasangarritasuna hobetuko ditu, errekuntza-ibilgailuen alternatiba jasangarri eta eraginkorra bihurtuta.

 

Bateriak sortzeko Ikerlanek irtenbide multiteknologikoa ikertu du: bateriaren diseinua modularra da, eta, hala, ibilgailu mota desberdinetara egokitu daiteke; prototipoa gai da potentzia eta autonomo premia desberdinak asetzeko. Hau da, “modu ezin hobean” doitu eta dimentsionatzen du biltegiratutako energia.

Horrez gain, sortzen ari diren bateriak bigarren bizitza izan dezake, “energia-dentsitatearen eskaera hain handia ez den aplikazioetan”. Cegasa enpresak horretan lagunduko du, haiek arduratuko baitira bateriak berrerabiltzeaz, energia modu geldikorrean biltegiratzeko erabiliko baitituzte.

 

Ikerlan Nuuk Mobilityrentzat prestatzen ari da bateria, baina oraindik ere balioztatze teknologikoaren fasean dago. Alegia, oraindik ez da ibilgailuan instalatu, laborategian probak egiten ari baitira produktuaren fidagarritasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatze aldera.

Nuuk Mobilityk, besteak beste, bezero ditu Correos eta Burger King konpainiak. Pablo Llop enpresako Ingeniaritzako zuzendariak garrantzia eman dio bateriek bigarren bizitza izateari, “berrikuntzailea" delakoan. Eduardo Miguel Ikerlaneko ikertzaile eta proiektu buruak honako hau gaineratu du: “Ikerlanek eta Nuuk Mobilityk mugikortasun efiziente, adimendun eta jasangarriagorako trantsizioan funtsezko eragile gisa dugun zeregina indartzen dugu”.