Ikerlan zentro teknologikoak eta Cegasa energia konpainiak bateria-eredu berri bat diseinatu dute elkarlanean. Bi erakundeek azaldu dutenez, bateriok “eraginkorragoak eta ziberseguruagoak” izango dira eta hodeira konektatuta egongo dira.
Cegasak Ikerlanen gaitasun teknologikoak baliatu ditu bateria horiek garatzeko, eta guztira hamar bat profesional aritu dira lanean. Helburua da bateria industrialak sistema adimendun bihurtzea, haien kontsumoa kudeatzeko, ingurune industrialetan integratzeko eta etorkizuneko funtsezko arau-eskakizunetara egokitzeko.
“Merkatuko soluzio guztiek ez dute zibersegurtasuna diseinu-fasetik bertatik txertatzen. Prebentzio-ikuspegi hori, 2027ko Europako araudiarekin bat datorrena, elementu bereizgarria eta aurreratua da argi eta garbi”, azaldu du Miguel Encabo Cegasako I+G taldeko kideak. “Proiektuak, berrikuntza-maila handiarekin, duela urte gutxi imajinaezina izango litzatekeen epean egin da, eta urtebete eskas baino gutxiagotan soluzio sendo eta fidagarri bat izatea ahalbidetu du”, gehitu du.
Ruben del Cura Ikerlaneko ikertzaileak argitu du merkatuko joerei aurrea hartzen ari direla, izan ere, “merkatuan ez dago baterien kudeaketa energetikorako adimen artifizialeko ereduak sakontasunez integratzen dituen produktu komertzialik”.
Elektronika aurreratua, AA, zibersegurtasuna eta hodeiko konputazioa uztartzen dituen soluzioa garatu dute. “Proposamen berritzailea da, sektoreak datozen urteetan eskatuko duenarekin bat datorrena”, esan du del Curak.