Ikerlanek teknologia digitalen laborategi aurreratua ireki du Arrasaten

DIGILAB deituriko laborategiak azken belaunaldiko azpiegitura espezializatua du eta industriara bideratutako zenbait arlo ikertuko dira bertan

DIGILABen inaugurazioa | Argazkia: Ikerlan DIGILABen inaugurazioa | Argazkia: Ikerlan

Ikerlan zentro teknologikoak Espainia mailako lehen laborategi digital multiteknologikoa, DIGILAB, inauguratu du Arrasaten. 2000 metro koadroko eremuan, industriari lotutako zenbait teknologia ikertzeko azpiegiturak aurki ditzakegu, hala nola, robotika kolaboratiboa, zibersegutasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala, edota konputazio kuantikoa.

Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “instalazio horiek IKERLANek etorkizuneko teknologia digitalen arloan dituen gaitasunak indartuko dituzte, plataforma multiteknologiko bat izateko aukera emango baitigu. DIGILABi esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, enpresei teknologia transferitzen dugun posizionamendu ona indartuz eta industriaren erronka errealei konponbide errealak eskainiz. Teknologia digitalen ekosistema berri horrek, gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza-ingurunea sustatuko du”.

Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa behar izan du, eta Azpiteken esparruan garatu da. Azpitek Eusko Jaurlaritzak iaz I+Grako eta ekimenerako abian jarritako laguntza-programa da, eta Euskadiko zentro teknologikoen ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematea du helburu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK