Ikerlanek Turingo tranbietarako klimatizazio sistema hobetzeko teknologia garatu du

Zentro teknologikoak Premium PSU enpresaren laguntzarekin burutu du proiektua, eta 30 konboietan instalatu dute jada teknologia

Turingo (Italia) tranbia bat | Argazkia: Ikerlan Turingo (Italia) tranbia bat | Argazkia: Ikerlan

Ikerlan zentro teknologikoak eta Premium PSU enpresak Turingo (Italia) tranbia sarerako potentzia bihurgailu bat garatu dute. Hiriko tranbien barne sistemaren funtzionamendua hobetzeko teknologia da, eta bagoietako nahiz kabinetako aire girotua eta berokuntza sistema hobetzen lagunduko du.

Irailaren hasieratik Turingo 30 konboik jada barneratu dute Ikerlanen teknologia. Zentro teknologikoak jakinarazi duenez, “ekipoen bolumena eta pisua murrizteko aukera ematen du, sistemaren eraginkortasun handiari eutsiz”.

Luis Mir Ikerlaneko potentzia elektronika saileko arduradunaren arabera, ekipoak dimentsioei, potentziari eta pisuari dagokienez bete behar zituen baldintzak betetzea “erronka handia” izan da, “ahalik eta bihurgailu arinena diseinatu behar baikenuen, gehienez ere 30 x 36 x 110 zentimetrotakoa”.

Era berean, “horrelako teknologiek aukera ematen digute mugikortasun elektrikoaren sistemen iraunkortasun handiagoa lortzeko”, azaldu du Mirrek. “Trenetan ekipo arinagoak, trinkoagoak eta eraginkortasun handikoak erabiltzeak ibilgailuaren kontsumoa murriztea dakar, hau da, pertsonak garraiatu ditzakegu energia sorkuntzan eragin txikiagoarekin”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK