• BERRIKUNTZA
  • Ikerlanen ikerketa jarduerak 13 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan ditu

Ikerlanen ikerketa jarduerak 13 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan ditu

Zentro teknologikoak 33 milioi euroko fakturazioa lortu du 2024an, aurreko ekitaldian baino %7,4 gehiago. "Urte positiboa" izan da zentroarentzat eta "aurrerapen esanguratsuak" egin dituzte, Ion Etxeberria zuzendariaren esanetan

Ion Etxeberria (zuzendaria) Adolfo Plaza (presidentea) eta Iñigo Aranburu (idazkaria) | Argazkia: enemásene
Ion Etxeberria (zuzendaria) Adolfo Plaza (presidentea) eta Iñigo Aranburu (idazkaria) | Argazkia: enemásene
2025eko maiatzaren 22a
Eg. 2025eko maiatzaren 22a

Ez da edozein urte izan 2024a Ikerlanentzat. 50 urte bete ditu zentro teknologikoak eta 33 milioi euroko fakturazioa izan du, urtebete lehenago baino %7,4 handiagoa. Fakturazioaren zati handi bat (18 milioi euro) “enpresen eskariari eta teknologia-transferentziako proiektuen sendotasunari” dagozkio, gaur egindako Batzar Nagusian azaldu dutenez, 2023an baino %13 gehiago.

 

Halaber, Ikerlanen ikerketa jarduerak 13 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan ditu. Gaur egun, 70 ikerketa-proiektu baino gehiagotan ari da lanean, horietatik 39 Europakoak direlarik. Orotara 400 lagun baino gehiagoko lantaldea du Ikerlanek. Horietatik 46 azken urtean batu dira eta 11 doktoregai ere gehitu dira lantaldera.

Bezero zorroa dibertsifikatu du ikerketa zentroak. 2024an, transferentzia-proiektuengatiko diru-sarreren %39 garraio- eta mugikortasun-sektorekoak izan dira, eta, ondoren, energiakoak (%19), fabrikaziokoak (%16) eta elektronikakoak eta IKTetakoak (%13).

 

“2024a oso urte positiboa izan da zentroarentzat, eta aurrerapen esanguratsuak izan dira gure jarduera-eremu guztietan. Transferentziako diru-sarrerak handitzeko joerari eta ikerketakoak mantentzeari esker, bien arteko oreka estrategikoa indartzen ari gara eta gure plan estrategikoan zehaztutako helburuak lortzen ari gara”, adierazi du batzarrean Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak

Urteurrenaz eta zenbakiez harago, 2024a urte berezia izan da Ikerlanentzat, izan ere, lehendakaritzan aldaketa izan dute. Aldolfo Plazak Jose Miguel Lazkanotegiren lekukoa hartu zuen iazko maiatzean.

Plazak azpimarratu du zentro teknologikoa erreferente bihurtu dela “garapen teknologikoan eta enpresei ezagutza transferitzen”, eta “energia berrituarekin eta bere ingurunean inpaktu ekonomiko eta soziala izateko bokazio irmoarekin” egiten diola aurre etorkizunari.

2027rako plan estrategikoa

Gaurko Batzar Orokorrean 2027ra begirako plan estrategikoaren nondik norakoak azaldu dituzte. Plan horrek “hazkunde koherentea eta jasangarria, herrialdeko proiektu estrategikoen buru izatea eta erakunde dinamikoago, arinago eta erronka eta joera teknologiko, enpresarial eta sozialekin konektatuago baterantz aurrera egitea” izango du helburu.

Start-up kooperatiboen sorrera

Etxeberriak azpimarratu du zentro teknologikoak bere aktibo teknologikoen balorizazioaren bidez baliozko enplegua sortzearen alde egiten duen apustua, 2023az geroztik, hainbat start-up sortzen lagundu baitu, hala nola, Battbelt, energia elektrikoa biltegiratzen duen enpresa, Orbik Cybersecurity, zeina iaz kooperatiba bilakatu zen edota Laboral Kutxarekin elkarlanean orain gutxi eratutako Inkkia konpainia.