• BERRIKUNTZA
  • Ikerlanen jauzia plaka elektronikoen fabrikazioan

Ikerlanen jauzia plaka elektronikoen fabrikazioan

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera berritutako laborategiak aukera ematen du sistema elektronikoak diseinatu, prototipatu eta ekoizteko, epe askoz laburragoetan

Ikerlanen laborategia | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Ikerlanen laborategia | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko apirilaren 17a - 05:30

Pertsona bat gerturatzean automatikoki martxan jartzen diren eskailera mekanikoak, botoia zanpatu eta behar dugun solairura iristen diren igogailuak, edota klik bakarrean pizten diren ordenagailuak: begi bistan ikus ezin daitezkeen sistema elektronikoen bitartez funtzionatzen dute. “Egunero erabiltzen ditugun tresna askok dituzte sistema elektronikoan barruan, ikusten ez ditugunak, baina funtzionamendurako ezinbestekoak direnak”, esan zuen Jon Cregok, Ikerlaneko Sistema Elektroniko Txertatuen arloko arduradunak.

 

Tresnen nolabaiteko “burmuin” ikusezin horiek indarra hartzen ari dira atzo Arrasaten inauguratu zen espazio berri batean: Ikerlanen elektronika aurreratuko laborategi berrian, hain zuzen ere. Cregok aurkeztutako laborategi horrek hiru hamarkada daramatza martxan, baina laborategia eraldatu egin da azkenaldian: duela zortzi hilabete instalazioak berritzen hasi ziren, eta makina berriak ezarri dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egindako inbertsioei esker.

Cregok kazetariei egindako bisita gidatuan azaldu zuenez, itxuraz txikia den laborategi berrian “gauza asko gertatzen dira”, eta, gainera, oso denbora tarte txikian.

 

Diseinuak egin eta elektronika “marraztu”

Sistema elektronikoen oinarrian plakak daude, baina prozesua plakak izan baino lehen hasten da. Ikerlanen gai dira sistema elektronikoak hutsetik abiatzeko, enpresa bakoitzak behar duenaren arabera. Esaterako, bezero batek eska diezaieke eskailera mekaniko batzuk automatikoki aktibatuko dituen gailu zehatz bat diseina dezaten.

Lehen urratsa, beraz, gailu horien mapa bat “marraztea” da, elektrizitateak nondik zirkulatuko duen erabakitzea eta haren funtzionamendua simulatzea. “Burmuin” elektroniko hori nolakoa izango den erabakitzea, alegia.

Orain arte, urrats hori kanpoko hornitzaileen mende zegoen neurri handi batean. [...] Makineria berriarekin, aldiz, prozesua Arrasaten bertan egin daiteke

Hurrengo erronka diseinu hori zerbait fisiko bihurtzea da, eta orduan sartzen dira prozesuan arestian aipatutako plakak. Orain arte, urrats hori kanpoko hornitzaileen mende zegoen neurri handi batean, Asiak ekoizten baititu halakoak gehien bat, eta horrek asko luzatzen zituen epeak, hamabost egun inguru itxaron behar baitziren plakak laborategira iristeko. Makineria berriarekin, aldiz, prozesu hori Arrasaten bertan egin daiteke. Horretarako, laser makina batean inbertitu du Ikerlanek, zeina gai den aurrez diseinatutako zirkuitua sortzeko, kobrea erabilita. Plaka hori da gainerako prozesu guztia eraikitzeko oinarria.

Lehen pausoa zirkuituak diseinatzea da | Argazkia: Foku
Lehen pausoa zirkuituak diseinatzea da | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Orduak behar izatetik minutuak behar izatera

Behin zirkuitua diseinatu eta horren araberako plaka sortzen denean, muntaketa prozesuaren txanda iristen da. Pauso hori egiteko ere makina berria estreinatu du zentro teknologikoak, zeina gai den eztainu-orea automatikoki aplikatzeko plakan, zehazki, haren gainean jarri behar diren osagaiak joango diren puntu zehatzetan. Osagaiak sistemaren funtzionamendurako beharrezkoak diren pieza txikiak dira.

“Lehen pertsona batek osagaiak banan-banan jarri behar izaten zituen, eta horretarako zortzi edo hamar ordu behar zituen”, zehaztu du Cregok. Egun, makina berriak hamar edo hamabost minutu eskasean egiten du lan hori. 

Pick and place izeneko sistema da hortaz arduratzen dena. Ingelesez “hartu eta kokatu” esan nahi du, horixe baita bere funtzioa: osagai elektroniko bakoitza hartu eta zehaztasun milimetrikoarekin plakaren gainean jarri. Txartel edo plaka bakar batek 1.800 pieza izan ditzakeela kontuan hartuta, sekulako abantaila da; are gehiago, ordu bakoitzeko 6.900 osagai maneiatzera irits daiteke sistema.

Ikerlanen hutsetik ekoitzitako plaka, oraindik osagairik gabe | Argazkia: Foku
Ikerlanen hutsetik ekoitzitako plaka, oraindik osagairik gabe | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Eskaintzen duen abiaduraz gain, automatizazioak akatsak murrizten ditu, plakaren fidagarritasuna handitzen du eta segurtasuna bermatzen du.

Azken pausoak

Osagaiak jada bere lekuan daudenean, finkatu egin behar dira. Izan ere, Cregok azaldu zuenez, plakari buelta emango balitzaio aurreko puntuan, piezak erori egingo lirateke. Hori ekiditeko plaka labe batean sartzen da. Bertan, 220 gradutara, eztainua urtu egiten da, osagaiak finkatzen dituen kola gisa jokatuz.

Aeronautika bezalako esparruetan jada enpresak derrigortuta daude gas bidezko prozesuak erabiltzera sistema elektronikoak sortzerako orduan

Prozesuak hamar minutu inguru irauten ditu, baina berritasuna, kasu honetan, ez da azkartasuna: laborategiko labe berriak gasa erabiltzen du tenperatura homogeneizatzeko eta oxigenoa alde batera uzteko. Xehetasun teknikoak ondorio azpimarragarriak ditu: plakan oxigeno burbuila txikiak sortzea saihesten du, eta hortaz, oxigeno burbuilen ondoriozko pitzadurak ekiditen dira. Tren-sektorean edo sektore aeroespazialean, adibidez, “ezin dira horrelako pitzadurak onartu”, eta aeronautika bezalako esparruetan jada enpresak derrigortuta daude gas bidezko prozesuak erabiltzera sistema elektronikoak sortzerako orduan. Funtsean, teknologia berria ezinbesteko baldintza bihurtu da.

Tokiko industriarekin lankidetza

Azken emaitza prototipo guztiz operatiboak dira: plaka elektronikoak, edozein sistemaren burmuin bezala jokatzen dutenak. “Plakak arduratzen dira tresnei aginduak emateaz”, berretsi zuen Ikerlanekoak, egunerokoan beharrezkoak diren gailuetatik hasi eta sektore berezietan erabiltzen diren tresna konplexuetaraino.

'Pick and place' makinak osagaiak plaka gainean jartzeko balio du | Argazkia: Foku
'Pick and place' makinak osagaiak plaka gainean jartzeko balio du | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Laborategian bost eta hamar prototipo artean garatzen dituzte enpresa bakoitzarekin, eta behin baliozkotuta, industria-ekoizpenera jauzi egiten dute konpainiek. Orona, CAF edo Fagor Automotion bezalako enpresak dagoeneko lan egiten dute horrelako prozesuekin. Enpresekin egindako lankidetzaz gain, Ikerlanek bere ikerketa propioetarako ere erabiltzen du laborategia, arkitektura elektroniko berriak garatu eta probatzeko.

Teknologiatik harago, lan egiteko erritmoan izan du aldaketarik handiena Ikerlanek. Lehen 20 edo 30 egun artean behar zituzten prototipatze-prozesu osoa egiteko, eta orain bizpahiru egun besterik ez dituzte behar. Arintasun horrek aukera ematen die diseinuak di-da batean marrazteko, probatzeko, zuzentzeko eta hobekuntzak egiteko.