Ikusten ez denak gidatuko du dena

Teknologia oraindik hastapenetan badago ere, badirudi konputazio kuantikoak ekonomia, industria eta gizartea eraldatzeko gaitasuna izango duela datozen urteetan

Etekineko lehen hitzaldian parte hartu zuten hizlariak, erakundeetako ordezkariekin, atzo Donostian | Argazkia: Irekia
Etekineko lehen hitzaldian parte hartu zuten hizlariak, erakundeetako ordezkariekin, atzo Donostian | Argazkia: Irekia
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko martxoaren 26a - 05:30

Konputazio kuantikoa izan zen ardatz nagusia Etekinek antolatutako urteko lehen jardunaldian, non etorkizuneko teknologiaren aukerak eta erronkak aztertu zituzten Donostiako Aquariumean. Bertan, Joseba Olagarai kazetariak moderatu zuen solasaldian parte hartu zuten Maialen Agirrek (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko zuzendaria), Aitor Bergarak (EHUko Quantum Centerreko zuzendaria) eta Joseba Lakak (Tecnaliako zuzendari digitala). Galdera nagusi baten bueltan aritu ziren: zer eragin izango du konputazio kuantikoak gure ekonomian eta gizartean, eta prest al gaude datorrena kudeatzeko?

 

Iraultza berriaren hasiera

Konputazio kuantikoa zer den ulertzea ez da ariketa erraza, baina haren oinarrian dagoen ideia sinple batetik abiatu daiteke: gaur egungo ordenagailu klasikoek informazioa modu linealean prozesatzen duten bitartean, ordenagailu kuantikoek aukera dute kalkulu asko aldi berean egiteko. Hor dago gakoa, eta horregatik jotzen da etorkizuneko iraultza teknologiko nagusietako bat bezala.

Kuantikaren teoria ulertzeko XX. mendearen hasierara egin behar da salto, hain zuzen ere, Davisson eta Germer ikertzaileek egindako esperimentura, bikoteak garai hartan frogatu baitzuen elektroiek ez dutela soilik partikula moduan jokatzen. “Elektroiek uhin gisa ere jokatzen zutela ikusi zuten, eta horrek erakutsi zuen materiak izaera bikoitza duela”, azaldu du Bergarak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hortik dator, hain zuzen ere, konputazio kuantikoaren berezitasuna. Sistema kuantikoetan, partikulek (elektroiek, kasu) ez dute egoera bakarra; aldi berean egoera anitzetan egon daitezke. Fenomeno horri gainezarmena deritzo, eta horrek ahalbidetzen du informazioa modu paraleloan lantzea. “Hori da konputazio kuantikoaren abantaila nagusietako bat: aldi berean hainbat egoera azter daitezke”, dio Bergarak.

Olagarai eta Laka atzoko solasaldian | Argazkia: Irekia
Olagarai eta Laka atzoko solasaldian | Argazkia: Irekia

Hala ere, kontzeptu horiek ez dira erraz irudikatzeko modukoak. Izan ere, gizakiaren esperientzia eta intuizioa mundu makroskopikoan eraikita daude, eta ez dira baliagarriak eskala kuantikoan gertatzen dena ulertzeko. Bergarak berak onartu zuen gizakiaren burmuina ez dagoela prestatuta izaera bikoitz hori ulertzeko. Horregatik, matematika bihurtzen da ulermen tresna nagusi.

Non aplika daiteke konputazio kuantikoa?

Gutxi balio du teoria jakiteak, gaia lurreratzen jakiten ez bada. Olagaraik horrexegatik eskatu zien parte-hartzaileei azaltzeko non aplika daitekeen konputazio kuantikoa eguneroko praktiketan. Gaur egun teknologia hau oraindik ere garapen fasean badago ere, egin diren frogen arabera konputazio kuantikoak bereziki indartsua dirudi optimizazio-arazoetan: aukera askoren artean onena hautatu behar denean, alegia.

Horren adibide argiak dira logistika edo finantzak. Paketeak banatzeko sare batean, adibidez, bide eraginkorrena aurkitzea arazo konplexua da konputazio klasikoarentzat, aldagai asko kontuan hartu behar direlako. Gauza bera gertatzen da inbertsio-karterekin: arriskuen eta etekinen arteko oreka optimoa bilatzea ez da lan erraza izaten. Egungo ordenagailuek aukerak banan-banan aztertzen dituzte neurri handi batean; konputazio kuantikoak, ordea, aukera emango luke denak batera aztertzeko eta irtenbide egokiena azkarrago aurkitzeko.

“Optimizazioa urrea da industriarentzat”, azpimarratu zuen Lakak, “eta hor potentzial handia du konputazio kuantikoak”

“Optimizazioa urrea da industriarentzat”, azpimarratu zuen Lakak, “eta hor potentzial handia du konputazio kuantikoak”. Haren esperientziaren arabera, logistikan, finantzetan edo industria-prozesuetan dagoeneko ari dira lehen probak egiten, eta emaitzek erakusten dute bide interesgarriak irekitzen ari direla, nahiz eta oraindik teknologiak aurrerapausoak eman behar dituen. Funtsean, baliagarria izango da gaur egun konplexuegiak diren arazoak ebazteko tresna berriak eskaintzeko.

EAEren tokia mapa kuantikoan

EAEk ez du konputazio kuantikoaren garapena kanpotik ikusteko asmorik izan, eta azken hamarkadan egindako apustu estrategikoei esker, nazioarteko mapan kokatzea lortu du. Agirreren hitzetan, EAEn “protagonistak gara, zalantzarik gabe”, eta horren atzean badago 2017an Jaurlaritzak sortu zuen 2030era begirako estrategia bat, non teknologia kuantikoak lehentasunezko arlo gisa definitu ziren. Estrategia horretatik sortu da Basque Quantum ekimena, ikerketa, enpresa eta prestakuntza uztartzen dituen ekosistema gisa.

Apustu horren elementu ikusgarriena Donostian martxan jarriko den ordenagailu kuantikoa da. Azpiegitura horrek aukera emango du gaur egun konplexuegiak diren arazoak lantzeko, batez ere, optimizazioan, simulazioan edo material berrien garapenean. Bergarak nabarmendu zuenez, “kuantikaren lasterketa oso azkar doa, eta ordenagailuek qubit gehiago dituztenean gaur egun milaka urte beharko lituzketen kalkuluak egin ahal izango dituzte”.

Agirre: "Inbertsioa handitzen ari da, eta Euskadi Europako batez bestekoaren pare kokatu da I+G+b arloan"

Edonola ere, helburua ez da tresna hori enpresa handien esku soilik uztea. Agirrek berak argi utzi zuen: “Ez dugu nahi teknologia hau soilik korporazio handientzat izatea, eta horregatik, ordenagailuaren erabilera proiektu zehatzen bidez antolatuko da, EAErako balio erantsia sortzen duten ekimenak lehenetsiz”. Ildo beretik, lurraldeko ehun industrialaren egiturak zer esan eman zuen jardunaldian, hain zuzen ere, enpresa txiki eta ertainek (ETEek) pisu handia dutelako. Lakaren arabera, sektore estrategikoetan enpresa traktoreak izango dira lehenengoak teknologia hori txertatzen, baina epe ertainera “hornitzaileen kate osoan zabalduko da”, ekosistema osoaren lehiakortasuna indartuta.

Horrez gain, talentuaren auzian ere eragin(go) du konputazio kuantikoak. Izan ere, EAEn sortzen ari den ekosistemak nazioarteko ikertzaileak erakartzeko eta bertako talentua atxikitzeko balio du; are gehiago, Agirreren esanetan, jada ikusten ari da “jendea guri begira” dagoela.

Lehiakortasuna jokoan

Azken hilabeteetan, testuinguru ekonomikoak ez du lagundu: hainbat enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu dira, eta lan-gatazkak ugaritu egin dira industria-sektore batzuetan. Testuinguru horixe hizpide hartuta galdetu zien Olagaraik hiru adituei ea teknologiak baduen zer egina halako egoeretan.

Hain justu hor kokatu zuen gakoa Lakak: krisialdi garaiek bultzatzen dituzte askotan enpresak berrikuntzara jotzera. “Berrikuntza bilatzera etortzen dira [Tecnaliara] askotan krisialdian daudenean; ekonomia ondo doanean, aldiz, ez dira etortzen, ez dutelako beharrekoa ikusten inbertsio arriskutsurik egitea”, baieztatu zuen.

Bergara eta Agirre atzoko solasaldian | Argazkia: Irekia
Bergara eta Agirre atzoko solasaldian | Argazkia: Irekia

Krisian egon ala ez, Agirrek azpimarratu zuen duela urte batzuk enpresa askok ez zutela lehentasunezkotzat jotzen ikerketa eta garapenean inbertsioak egitea, baina gaur egun joera hori aldatu egin dela berretsi zuen. “Inbertsioa handitzen ari da, eta Euskadi Europako batez bestekoaren pare kokatu da I+G+b arloan. Horrek erakusten du enpresek badakitela garrantzitsua dela berrikuntzan inbertitzea”, berretsi zuen Agirrek.

Jardunaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileek etorkizunean jarri zuten fokua, eta azaldu zutenez, erronka nagusietako bat zibersegurtasunaren arloan topatu daiteke. Izan ere, konputazio kuantikoak egungo kriptografia sistemak hausteko gaitasuna izan dezake, eta horrek eragin zuzena izango luke, bai finantza-sistemetan, bai komunikazio-digitalean. Horregatik, dagoeneko zenbait eragile lanean ari dira “post quantum” kriptografia (PQC siglez ezaguna) garatzen, sistema berriak sortzeko eta azpiegitura digitalak egokitzeko. Trantsizio hori ez da berehalakoa izango, baina adituek ohartarazi zuten ezinbestekoa dela aurre hartzea.

Gauzak horrela, argi geratu zena zera izan zen: konputazio kuantikoa ez da soilik aukera teknologiko bat, erabaki estrategikoen erdigunean dagoen faktorea baizik. Ez ditu berehala konponduko gaur egungo krisiak, baina bai baldintzatuko duela etorkizunean nork izango duen abantaila eta nor izango den lehiakorra. Eta horixe izan zen mahai-ingurutik atera zen ondorio nagusietako bat: bidea orain hasi behar da egiten. Bergarak argi laburbildu zuen: “Erronkak badaude, baina bidea egiten ari gara, eta etekinak aterako ditugula ziurra da”.