EAEko I+G arloko inbertsioa %6,1 handitu zen 2025ean, Eustaten behin-behineko datuen arabera. Hazkunde horren ondorioz, ikerketa eta garapeneko barne-gastua 2.243 milioi eurora iritsi zen, orain arteko kopururik handienera. Aldi berean, jardunaldi osoaren baliokide moduan neurtutako I+Gko langileen kopurua %3 hazi zen, batez ere enpresa-sektorearen eta administrazio publikoaren jarduerak bultzatuta.
Datuen arabera, I+Gko ahalegina BPGd-aren %2,17 izatera iritsi zen 2025ean, aurreko urteko %2,15aren gainetik. Sektoreka aztertuta, enpresa-esparruko I+G gastua %6,1 handitu zen, administrazio publikoarena %9,1 eta goi-mailako irakaskuntzarena %4,8. Langileen bilakaerari dagokionez, administrazio publikoan izan zen hazkunderik handiena (%6,7); enpresetan %3koa izan zen eta goi-mailako irakaskuntzan %0,1ekoa.
Innobasquek egindako aurreikuspenen arabera, joera horrek bere horretan jarraituko du 2026an ere, I+Gko inbertsioa %5,8 handitzea espero baita. Aurreikuspen horren arabera, enpresen inbertsioa %5,2 igoko da, nahiz eta ziurgabetasun geopolitikoak eta euskal industriako sektore estrategiko batzuen moteltzeak eragina izan. Bestalde, administrazio publikoen finantzaketa handitzea aurreikusten da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen hazkundearen eta Next Generation funtsen exekuzioaren ondorioz; aldiz, nazioarteko finantzaketak %4,9 egingo luke behera, Europako programen arteko trantsizioak eta finantzaketa eskuratzeko lehia handiagoak baldintzatuta.
Aurreikuspen horiek betez gero, I+Gko inbertsioa BPGd-aren %2,22ra iritsiko litzateke 2026an, eta EAE Europar Batasuneko batez bestekoaren parean kokatuko litzateke arlo horretan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta