
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saila izango da INclusive TrAIners izeneko Europako proiektuaren buru hurrengo bi urteetan. Ekimenak helburu du Adimen Artifiziala (AA) enplegurako prestakuntzan erabiltzen denean metodologia eta materialetan irizpide etiko eta inklusiboak txertatzea, eta horretarako 250.000 euroko aurrekontua izango du. Proiektua Erasmus+ programaren bidez finantzatuko da.
Ekimen honetan, Arabako erakundearekin batera, Italia, Portugal, Polonia, Espainia eta Suediako erakundeak ere ariko dira. Parte-hartzaileen artean daude Cnpipa Plugia (lanbide heziketa behartsuentzat), Sparkling Intuition (hezkuntza software enpresa), Melapolska Izba Samorzadowa (helduen prestakuntza eta AA soluzioak), Media Creativa (hezkuntza berrikuntzako zentroa) eta Folkuniversitetet (helduen hezkuntza).
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, AAren bilakaera azkarra hezkuntza eta lan merkatua eraldatzen ari da. Horregatik, proiektuaren xedea da “etengabeko lanbide heziketako hezitzaileak AAren erabilera etikoan gaitzea, haien lana funtsezkoa baita enplegagarritasunerako gaitasunak garatzeko”.
Proiektuaren bitartez plataforma ireki bat, laborategi birtual bat eta AA baliabide banku bat garatzea aurreikusten da. Helburua da prestatzaileek AAren sistemekin modu kritiko eta arduratsuan lan egitea, diskriminazioak saihestuta eta prestakuntza bidezkoagoa eta gardenagoa bermatuta. Horrez gain, prestatzaileen arteko komunitatea eratuko da, jardunbide egokien inguruko esperientziak partekatzeko.
Lehenengo bilera azaroan egingo da Gasteizen, eta hor bertan hasiko da proiektuak Lanbide Heziketako ekosisteman izan nahi duen “inpaktu eraldatzailea” gauzatzen.