Ibernova enpresak eta Tekniker teknologia zentroak lankidetza berritu dute. Diseinu industrialeko, kudeaketako eta produkzioko soluzio integratuetan espezializatutako konpainia da Ibernova, lehen Ibermatica Industria izenez ezagutzen zen, eta Ayesako kide da.
Teknikerrek ohar bidez azaldu duenez, “elkarren ezagutzan sakontzeko eta epe luzerako lankidetza estrategikoa sendotzeko hitzarmena” sinatu dute, eta "industria adimentsuagoa" sustatzea dute helburu.
Elkarlanak hiru ardatz teknologiko izango ditu, eta digitalizazioa izango da horietako bat. Tekniker eta Ibernova elkarlanean arituko dira instalazioan dauden makina, robot eta bestelako produkzio-ekipo guztien informazio garrantzitsua konektatzeko eta integratzeko aukera emango duten soluzioak prestatzen, produkzio-datuak denbora errealean atzitzeko eta bateratzeko.
Bigarren ardatza izango da “elkarreragingarritasunerako teknologien multzo bat” sortzea, eta hirugarrena, Teknikerren eta Ibernovaren azken ikerketa-esparrua teknologia pertsonei hurbiltzea.
"Ibernova bezalako bazkide bat izateak gure I+Gko lana ekoizpen-ingurune errealetan testatzea ahalbidetzen digu. Lankidetza hori funtsezkoa izango da fabrika digitalizatuagoak eta ekoizpen adimentsua lortzeko ", adierazi du Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak.
Ibernovarekin hitzarmena berrituta, 30 dira Teknikerren erakunde laguntzaileak gaur-gaurkoz.