• BERRIKUNTZA
  • Inguma, 25 urte euskarazko ezagutza zientifikoaren mapa josten

Inguma, 25 urte euskarazko ezagutza zientifikoaren mapa josten

Proiektu aitzindari izatetik, euskal ekoizpen zientifikoaren ezinbesteko erreferente izatera igaro da

25. urteurreneko ospakizuna, atzo, Bilborocken | Argazkia: UEU
25. urteurreneko ospakizuna, atzo, Bilborocken | Argazkia: UEU
image0(1)
Kazetaria
2025eko azaroaren 6a - 05:30

Udako Euskal Unibertsitateak eskainita eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, Inguma datu-baseak euskarazko ekoizpen zientifikoaren benetako ispilu gisa finkatzea lortu du. Ideia duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen, euskara akademikoak finkatu beharra zuen unean. Iñaki Alegria, Informatikako Doktorea eta Ingumako kidea izan denaren hitzetan: “Garai hartan digitalizazioa garatzen hasi zen unibertsitatean zein ikerketa munduan. UEU eta Euskal Unitate Zientifikoa lankidetzan jartzeko helburua duenez, batzuk teknologiatik eta besteok dokumentaziotik abiatuz, proiektu interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun”.

 

Marije Bidaguren, Bermeoko Udal Liburutegiko liburuzaina eta Ingumako dokumentalistak dio orduan oso sakabanatuta zegoela material guztia: “Ez zekiten zeintzuk ziren euskal komunitate hori osatzen zuten pertsonak eta leku bakar batean dena bateratuta egotea bilatzen zen”.

Euskarazko lana ikusaraztea da kontua, hizkuntzari presentzia akademikoa ematea eta ordura arte sakabanatuta zegoen ezagutza sarea artikulatzea

Ordutik proiektua urratsez urrats garatuz joan da: lehenik oinarriko erreferentziak bilduz –liburuak, artikuluak, txostenak–, eta gero katalogoa zabalduz, milaka egile eta dokumentu hartzeraino. Alderdi zailenetariko bat autoritatea izan zen: zein sartu eta zein kanpoan utzi. Alegriak gogoratu du nola proiektuan sartu zenean, denentzako lekua zegoela pentsatzen zuela. Dokumentalistekin elkartzean, ordea, ikusi zuen irizpide batzuk finkatu behar zirela. “Nire ustez, lan bikaina egin dugu maila zientifiko-teknikoko idatzitako material guztia katalogatzen”, dio.

 

Bere deskribapen propioak zera adierazten du: “Ingumak dokumentu eta egile bakoitzaren erreferentzia labur bat eskaintzen du. Datu base bakar batean bildu nahi da unibertsitateko jakintzaren hainbat adarretako euskarazko ekoizpen bibliografikoa eta ahozkoa”.

Ingumaren web ataria | Argazkia: EnpresaBIDEA
Ingumaren web ataria | Argazkia: EnpresaBIDEA

Bidagurenek ahozko materialaren bilketaren zailtasuna nabarmendu du: “Sistematizazio bat lortzea da gure helburua, baina ahozko material guztia barneratzea ia ezinezkoa da. Horregatik, unibertsitateak izan dira gure iturri nagusiak. Hala ere, formatu desberdinak izaten dituztenez asko kostatzen da material hori lantzea”.

Gaur zenbakiak berez mintzo dira: 48.000 dokumentu baino gehiago (artikuluak, liburuak, tesiak, ikastaroak, txostenak), 14.000 egile baino gehiago. Informazio kantitate horri esker, euskal komunitate zientifikoaren bolumena eta dentsitatea ikus daitezke. Dena dela, Ingumaren balioa zenbakietatik harago doa: euskarazko lana ikusaraztea da kontua, hizkuntzari presentzia akademikoa ematea eta ordura arte sakabanatuta zegoen ezagutza sarea artikulatzea.

Euskarazko produkzioa bermatzea

2000. urtera arte produkzio zientifiko-teknikoa hazkunde fasean zegoen. Azkenaldian, ordea, euskarazko produkzioa jaitsi egin da. Bi ikerketa egin dira Ingumaren inguruan, beherakadaren arrazoiak aurkitzeko asmoz: alde batetik, Karmele Artetxek egindako tesia eta, bestetik, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikasle talde batek aurrera eraman dutena. Azken hau, Inguma taldearen enkarguz egin da.

“Nazioarteko inpaktua gero eta gehiago baloratzen dela ondorioztatu dute ikerketek. Euskaraz argitaratzen ez da eragin berdina lortzen eta sistema lehiakor honetan bai irakasle, ikasle, zein ikerlariek ingelesez argitaratu behar dute,” azaldu du Alegriak.

Euskarazko produkzioa bermatzeko Ikergazte sortu da, UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua. Euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi-mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea dira haren helburuak.

Euskarazko produkzioa bermatzeko Ikergazte sortu da, UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua

Egoeraren jakitun da Bidaguren, eta ekoizpen horri eusteko irabaziak eskaini behar direla ulertzen du: “Aurkezten diren artikuluei DOI zenbaki bat ematen diegu, nazioarteko zabalkunderako bide. Gaur-gaurkoz, ordea, lan handia da eta ematen dituen ekarpenak nahiko txikiak. Guk euskaraz argitaratzeko onuraren batekin saritu nahi ditugu ikertzaileak”.

Etorkizunari begira

Aurrera begira, garrantzia mantentzea, ingurune digital berrietara egokitzea eta euskara ikerketaren mugara eramatea da erronka. Ingumak planteatu du ekoizpen zientifikoa badagoela eta hau garrantzitsua dela. “Adierazle ofizial bezala onartu da, bai unibertsitate plangintzan, bai bestelako heziketa modalitateetan”, nabarmendu du Alegriak.

Bidagurenek datu-basearen baliagarritasuna azpimarratu du: “Tresnak ematen ditugu aztertu ahal izateko zein eremuk eskatzen duten hizkuntzan ekoizpen handiagoa, eta, hortik abiatuta, gabezia hori arintzeko hainbat politika egin ahal izateko”.

Iñaki Alegria: “Pixkanaka goaz teknologia berrietara egokitzen. Adimen artifizialerako, Inguma tresna paregabea izango litzateke bildu dugun eduki guztiagatik"

Azkenik, gizarte mailan, jarraitutasuna, egileekiko elkarrizketa eta egokitzapen teknologikoa funtsezkoak direla ikasi du Ingumaren taldeak, 25 urte hauen laburpen gisa. “Pixkanaka goaz teknologia berrietara egokitzen. Adimen artifizialerako, Inguma tresna paregabea izango litzateke bildu dugun eduki guztiagatik. Iturriak beti aipatuta daude eta fidagarriak dira, beraz, datu-base ideala izango litzateke. Bi aldeok izango genituzke onurak: erabiltzaileek fidagarritasunagatik, eta guk, berriz, ekarriko ligukeen onarpen eta esposizio mailagatik,” aitortu du Alegriak.

Etorkizunari begira, erakundeek Inguman interes handiagoa jartzea nahiko luke Bidagurenek: “Interesgarria izango litzateke beraien aldetik proaktibitate hori ikustea, haiek gugana etortzea”.

Bideak aurrera darrai, Inguma artxibo ez ezik, euskarazko ezagutzaren motor bizia izaten jarraitzeko grinarekin.