• BERRIKUNTZA
  • Innobasquek Global Innovation Dayn aurkeztuko diren zortzi soluzio berritzaile aukeratu ditu

Innobasquek Global Innovation Dayn aurkeztuko diren zortzi soluzio berritzaile aukeratu ditu

Azaroaren 17an egingo da Global Innovation Day jardunaldia Bilboko Euskalduna Jauregian. Guztira, 45 euskal entitateren 52 proposamen jaso dira eta horietatik zortzi aukeratu dituzte

2024ko jardunaldiko argazkia | Argazkia: Innobasque
2024ko jardunaldiko argazkia | Argazkia: Innobasque
2026ko urriaren 29a - 12:25
Eg. 2026ko urriaren 29a - 14:16

Innobasquek Global Innovation Day jardunaldiaren 15. edizioan aurkeztuko diren zortzi kasu praktiko hautatu ditu. Jardunaldia azaroaren 17an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako eragileak bilduko dira.

 

Innobasquek Berrikuntzako Kasu Praktikoen zazpigarren deialdia bultzatu du eta bertan 52 proposamen aurkeztu dira 45 entitatetatik. Horietatik zortzi aukeratu dira eta azaroaren 17an aurkeztuko dira. Aukeratutako kasuen artean ekonomia zirkularra, adimen artifiziala edo industria dibertsifikazioa jorratzen dira. Esperientzia hauek erakusten dute nola enpresen, eragile zientifiko-teknologikoen eta administrazioen arteko lankidetzaren bidez erronka jakinei erantzun dakiekeen, eta ekonomian, gizartean nahiz ingurumenean balioa sor daitekeen.

Aukeratutako zortzi kasu horietatik, hiruetan erakusten da jakintza zientifikoa eta teknologia nola eraman daitekeen merkatura beharrizan zehatzei erantzuteko. Horien artean, AggregaCO2 mineralizazio-proiektua dago: Bizkaiko Biscay Eco Aggregates sozietateak, Alba Emission Free Energy (Petronor) konpainiaren eta Erresuma Batuko O.C.O. Technology enpresaren partaidetzarekin egin dena. Bilboko portuan, planta bat jarri dute martxan, Petronorrek Muskizeko lantegian sortzen dituen hondakin industrialak eraldatu eta karbono-aztarna txikiagoa duten eraikuntzako agregakin sintetiko bihurtzeko.

 

Azti zentro teknologikoak aurkeztutako Biogear proiektua ikerkuntza arloko eta enpresetako eragileen lankidetzak bultzatuta sortu da. Proiektu honek akuikulturarako soka biodegradagarriak garatzen ditu, jatorri fosileko plastikoekin eginiko soken ordez erabiltzeko.

Bestalde, Gipuzkoako CIC nanoGUNE ikerkuntza-zentroak Donostiako Novanano Medical enpresarekin lan egin du inplante kirurgikoen segurtasuna hobetzeko. Teknologiaren bitartez, bakterioen atxikitzea murriztu dute eta horrek inplanteak hezurrean hobeto txertatzea ekarri du.

Adimen artifizialarekin erlazioa duten beste bi proiektu aukeratu dira. Uholdeak eta beste fenomeno klimatiko batzuk iragartzeko Fast plataforma sortu dute Tecnaliak eta Team ingeniaritza eta Aholkularitza enpresak. Arabako Lantek enpresa teknologikoak aldiz, adimen artifizialaren bitartez, txapa ebakitzeko industrian aurrekontuak egiteko aplikazioa sortu dute.

Enkarterri Trokelgintza lantegiak industriako enpresa tradizional batek merkatu berrietara zabaltzeko eginiko eraldaketa erakutsiko du azaroaren 17an.  Administrazio publikoan berrikuntza ezinbestekoa da. Bilboko Udal Informatika Zentroak eta Bilboko Udalak GeoBilbao plataforma bultzatu dute. Horri esker, garraio publikoa, mugikortasuna eta larrialdiak koordinatzeko aukera egon daiteke. Azkenik, Elika Fundazioak eta Basque Food Clusterrak Ontzi Hub proiektua sustatu du. Ekimen horrek, elikadurako ontzi seguruagoak, jasangarriagoak eta lehiakorragoak sortzeko soluzioak garatzeko helburua du.

Kasu praktiko hauek azaroaren 17an aurkeztuko dira Bilboko Euskalduna Jauregian arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da.

 

 

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain