• BERRIKUNTZA
  • Innobasquek plan estrategiko berria abiarazi du

Innobasquek plan estrategiko berria abiarazi du

EAEko berrikuntza agentziako bazkideek 2025eko kontu ekonomikoak eta aurtengo aurrekontua onartu dituzte

Innobasquen batzar nagusia egin da gaur Gasteizen | Argazkia: Innobasque
Innobasquen batzar nagusia egin da gaur Gasteizen | Argazkia: Innobasque
2026ko ekainaren 3a - 16:17

Innobasquek bere XIX. Batzar Nagusia egin du gaur Gasteizen. Ondare eraikinean elkartu dira agentzia osatzen duten entitateetako ordezkariak, baita Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua ere.

 

Batzarrean 2025eko kontu ekonomikoak onartu dituzte aho batez, baita aurtengo aurrekontua, bazkideen 2026ko kuoten eguneratzea eta zuzendaritza batzordearen eta batzorde eragilearen osaera ere.

Innobasquek 2026-2030 Plan Estrategikoa abiatu du, zeinak bi helburu nagusi izango dituen: batetik, EAEn “berrikuntzaren inpaktua bultzatzea, bai ekonomian, bai gizartean eta bai ingurumenean”, eta, bestetik, agentziaren “zeregina sendotzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman”, betiere erakunde bazkideak “estrategiaren motor” izanik.

 

Imanol Rego agentziako presidenteak Batzar Nagusiaren irekieran nabarmendu du EAEk goi-mailako berrikuntzako eskualdea izaten jarraitzen duela Europan, eta testuinguru horretan kokatu du plan estrategiko berria. “Europak eta munduak azeleratzea exijitzen digute, eta Euskadik badu hori egiteko oinarria”, nabarmendu du.

Presidenteak azaldu duenez, Innobasqueren bide-orri berria zehazterakoan, "herrialde mailako estrategia nagusiak" hartu dituzte aintzat, bereziki Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak, bestalde, zera adierazi du: “Innobasquek jakin du beti testuinguru horren baitan aurrera egiten, bere jarduera euskal ekosistemaren beharrizanetara egokituz, aurrera egiten jarraitzeko”.