Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendaritza batzordeak oniritzia eman dio behin-behinean 2026-2030 Plan Estrategikoari. Ezinbesteko pausoa zen ekainaren 3an egingo den Bazkideen Asanbleara begira, hark onartu beharko baitu behin betiko plana, bozketa bitartez. 900 bazkide inguru ditu egun agentziak.
Leire Bilbao Innobasqueko zuzendariaren lana izan da plana aurkeztea batzordea osatzen duten 60 eragileetako ordezkariei. Hark azaldutakoaren arabera, agentziaren posizionamendu eta jardueretan aurrera egiteko helburuak eta ekintzak ezartzen ditu. Izan ere, EAEn berrikuntzak duen eragin ekonomiko eta soziala hobetzea bilatzen du innobasquek, Europa mailan goi-mailako berrikuntza eskualdea izan dadin.
Aipaturikoaz gain, 2021-2025 Plan Estrategikoaren balantzea ere aurkeztu dute. Antza, bertan zeuden helburu gehienak bete egin dira, horren bitartez ekarpena eginda 2030 Euskadi ZTBPren funtsezko adierazleei.
Atzokoa azken Zuzendaritza Batzordea izan zen zenbait kiderentzat. Zehazki, lau ordezkatze onartu ditu organuak: José Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak hartuko du Gregorio Rojo García Arabako Merkataritza Ganberako presidentearen lekukoa; José Luis Díaz Manrique orain gutxira arte Euskaliteko presidentea ordezkatuko du egun erakundearen presidente den Roberto Gil Noak; Oscar Juliá Perich Eacom Taldeko CEOaren ordez sartuko da Oiane Niebla Battistella Senerreko Berrikuntza Irekiko arduraduna; eta Asís Canales Abaitua Iberdrolako Baliabide eta Zerbitzuetako zuzendariaren ordez sartuko da Estibaliz Goñi Gaztelu erakunde bereko Prozesuak eta Teknologiako zuzendaria.