Inoizko daturik onena Donostia Sustapenaren eta Elkargiren enpresa proiektuen finantzazioan

2022an, proiektu berritzaileak dituzten enpresen eta ekintzaileen finantzazioan, milioi erditik gorako zifra lortu dute

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Guztira zazpi eragiketa egin dira, 74.000 eurotik gorako batezbestekoarekin, eta finantzazioa lortu duten proiektuak gailu medikuen, digitalizazioaren eta 4.0 industriaren arloan egiten dute lan nagusiki. Peta Optic telekomunikazio optikoen berrikuntzari lotutako enpresa; VR Pharma errealitate birtualeko soluzioetan aditua; Trak Health Solutions SL tele-errehabilitazioko softwareak; Bibagu Dream Teams SL plataforma; Eyefoil ingeniaritza zerbitzua; Donomotics proiektu domotiko eta inmotikoak; eta Indicate Solutions minbizia detektatzeko gailuen ekoizpenean aditua izan dira 2022an finantzatu diren zazpi proiektuak.

2016az geroztik, berriz, 24 eragiketa egin dituzte guztira, 1.641.000 euroko finantzazioarekin. Ohar bidez jakitera eman dutenez, urte hartan bertan batu zituzten indarrak bi entitateek, finantzazio bidez inbertsioa, likidezia eta esku-dirua behar dituzten enpresen eta ekintzaileen proiektu berritzaileak finantzatzeko.

Marisol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomikoko zinegotziak dioenez, “datu oso positiboa da, ekintzailetza ekosistemaren osasun ona islatzen duelako, are gehiago, startup berritzaileena”. 2023ra begira, berriz, elkarlana sendotzea erronka dutela azaldu du, proiektu ekintzaileei laguntza eskaintzen jarraitu nahi baitute.

Zentzu horretan, Naiara Lopez Elkargiko ekintzailetza arduraduna adierazitakoaren arabera, “proiektu ekintzaileek, askok oinarri teknologikoa izanik, merkatuari zuzendutako negozio-plan bat eta hainbat iturriren bitartezko finantzazioa behar dute”.

Era berean, “sendotzen ari den lankidetzak” biozientzien, adimen artifizialaren, 4.0 industriaren edo material berrien arloetan egindako apustua sendotzen duela adierazi dute bi arduradunek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK