Inoizko patata atsegiñenak

Nekazaritza jasangarria eta berrikuntza industriala uztartzen dituen poltsako patata frijituetara bideratutako barietate berria sortu du Neikerrek: Atsegiñe

Atsegine patata | Argazkia: Neiker
Atsegine patata | Argazkia: Neiker
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko maiatzaren 25a - 05:30

Neiker nekazaritzako elikagaien eta basogintzako sektoreetarako soluzio berritzaileak ikertzen dituen zentro teknologikoak mugarri berri bat ezarri du euskal laborantzan. Erakunde honek, transferentzia teknologikoa eta lehiakortasuna ardatz hartuta, Atsegiñe patata barietate berria plazaratu du. Bi koloreko mamia (purpura eta zuria) eta azal morea dituen tuberkulu hau poltsako patata frijituen industriara bideratuta dago. Bere ezaugarri bereziei esker, elikagai funtzional eta jasangarri gisa aurkezten da, merkatuan kalitatezko produktu desberdinduak gehigarririk gabe lortzeko aukera emanez.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zazpi urteko ikerketa: guraso egokia bilatzeko erronka

Barietate berri baten garapena ez da egun batetik besterako lana; zazpi urteko landa saiakuntzak eta ikerketa sakona behar izan dira Atsegiñe Barietate Komertzialen Erregistroan inskribatu ahal izateko. Prozesu luze horretan, erronkarik handiena ezaugarri organoleptiko eta estetiko egokiak lortzea izan da. Natxo Ruiz de Galarreta Neikerreko ikertzaileak EnpresaBIDEAri azaldu dionez, erronka nagusia hasieran egon zen: "Nahiz eta urte asko daramatzagun hobekuntza programak egiten, hau kasu berezia izan da, mamiaren kolorea morea eta zuria duelako. Zailena kolorazio hori emango zigun gurasoa bilatzea izan zen. Barietateen ebaluazio desberdinak egin behar izan genituen gure germoplasma bankuan; kolore morea zuten mamiak identifikatu, ondoren gurutzaketa egiteko erabiltzeko”.

Tuberkuluak %22,50eko materia lehorra du, eta hondar-azukreak %0,17koak baino ez dira

Sukaldatu ahal izatea eta osasunerako onurak

Industriak kalitatezko patata frijitua lortzeko baldintza tekniko oso zehatzak behar ditu, eta Atsegiñe erantzun bikaina emateko diseinatuta dago. Tuberkuluak %22,50eko materia lehorra du, eta hondar-azukreak %0,17koak baino ez dira. Datu horiek funtsezkoak dira sukaldaritzan, izan ere, materia lehor altuak testura kurruskaria bermatzen du, eta azukre gutxi izateak saihestu egiten du frijitzean produktua iluntzea edo zapore mikatzak agertzea.

 

Baina ezaugarri teknikoez gain, nutrizio-profilak egiten du berezi: barietate zuriek baino %30 konposatu antioxidatzaile gehiago ditu, eta frijitu ondoren ere koloreari eusten dio. "Patata hauen antioxidatzaile kantitate altua lotuta dago zelulen zahartzearen atzerapenarekin", zehaztu du Ruiz de Galarretak. "Antioxidatzaileen edukiaren %30eko gorakada hori oso ona da organismoarentzat, eta elikagai arrunt bat zena, patata bat, elikagai funtzionalago bat bihurtzen du".

Landa-erresistentzia eta kontserbazio zorrotza

Nekazaritzaren ikuspegitik, barietate honek sendotasun genetiko handia du laborearen bi etsai nagusiei aurre egiteko: mildiu onddoa eta Y birusa. Erresistentzia natural horrek eragin zuzena du baserritarraren poltsikoan eta ingurumenaren zainketan. Ikertzailearen hitzetan, babes horrek "murriztu egiten du ziklo begetatibo osoan zehar aplikatu beharreko tratamendu fitosanitarioen kopurua. Horrek, alde batetik, ingurumen-jasangarritasuna handitzen du, aipaturiko produktu mota gutxituta, eta bestetik, nekazariari errentagarritasuna ematen dio, tratamenduetan diru gutxiago gastatu behar duelako".

Industriarako erabiliko bada, kontserbazioa beti 7 eta 10 ºC artean mantentzea gomendatzen da

Hala ere, behin bildu ondoren, patata honek mantentze-lan zehatza eskatzen du biltegian. Frijitzeko kalitate optimoari eusteko, ezinbestekoa da 7 eta 10 ºC arteko tenperaturan kontserbatzea. Ruiz de Galarretak ohartarazi duenez, tenperatura horretatik behera jaitsiz gero, "azukre edukiak gora egiten du eta horrek frijitze prozesuari eragingo lioke, patatak ilunduz". Beraz, industriarako erabiliko bada, kontserbazioa beti 7 eta 10 ºC artean mantentzea gomendatzen da.

Atsegine 14
Argazkia: Neiker

Merkatura bidea eta industriaren harrera goiztiarra

Europar Batasuneko Landare Barietateen Bulegoan inskribatu eta Desberdintasun, Homogeneotasun eta Egonkortasuneko (DHE) proba ofizialak gainditu ondoren, Atsegiñe ustiapen lizentzien bidez iritsiko da merkatura. Ruiz de Galarretak azaldu duenez, izen-emate prozesuak bi urte inguru irauten duen arren, badago bide azkarrago bat: "Behin DHE probak pasatuta komertzializatu behar da, baina inskripzio prozesuak irauten duen bitartean baimen bat eska daiteke merkatuan lehenago jartzeko".

Ruiz de Galarreta: "Zikloa kolore gorrixkako patata batekin amaitzea pentsatzen dugu"

Barietatearen aurkezpena oso berria izan arren, frijituen industriak dagoeneko arreta jarri du euskal berrikuntza honetan. Zentro teknologikoak jakinarazi duenez, enpresa batzuk harremanetan jarri dira dagoeneko Neikerekin barietatearen balorazioa egiteko, probatzeko eta euren frijituen segmentuan nola funtziona dezakeen ikusteko.

Etorkizuneko erronkak: koloretako pataten zikloa osatzea

Atsegiñe ez da kasu isolatu bat, Neikerrek lehen sektoreari balioa transferitzeko duen estrategia zabal baten parte baizik. Zentroak urteak daramatza koloretako pataten programan lanean, merkatuan nitxo berriak irekitzeko asmoz. Aurretik Beltza barietatea aurkeztu zuten, guztiz purpura dena, eta Atsegiñerekin urrats berri bat eman dute bi koloreko mamiari esker.

Etorkizunari begira, Neikerren helburua argia da: "Zikloa kolore gorrixkako patata batekin amaitzea pentsatzen dugu", aurreratu du Ruiz de Galarretak. Hiru barietate hauekin, zentroak euskal industriari tresna indartsu bat eskaini nahi dio, Espainian oraindik oso ustiatuta ez dagoen merkatuan kokatzeko: "Beste herrialde batzuetan asko garatuta dagoen arren, Espainiar Estatuko merkatuan oraindik ez da koloretako patata frijitu askorik ikusten, eta horregatik uste dugu aukera bikaina dela", ondorioztatu du ikertzaileak. Berrikuntza horren bidez, ikerketa zientifikoak ekarpena egiten dio euskal patataren sektorearen lehiakortasunari eta jasangarritasunari.