Ion Etxeberria: “Gizakiok egiteko gai ez garen ekintzetako asko makinek egingo dituzte etorkizunean”

IKERLANek teknologia digitalen laborategi aurreratua inauguratu berri du, DIGILAB, Euskal Herrian zein Espainia mailan dagoen lehena

Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendaria DIGILABeko laborategian | Argazkia: EnpresaBIDEA Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendaria DIGILABeko laborategian | Argazkia: EnpresaBIDEA

DIGILAB Ikerlanek sortutako 2000 metro koadroko gune multiteknologiko berria da, Arrasaten kokatua, eta azken belaunaldiko azpiegitura espezializatua du industriara bideratutako hainbat arlo ikertzeko, tartean, elkarlaneko robotika, zibersegurtasuna, safety-a eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. Espazio berriaz, bertan burutzen ari diren proiektuez, eta etorkizunerako dituzten erronkez hitz egin du EnpresaBIDEAK Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendariarekin.

Zer da DIGILAB? Zertarako sortu da?

Laborategi bat da, teknologia digitalekin lotutako arlo guztiak espazio berean kontzentratzea helburu duena. Azken urteotan asko hitz egin dugu digitalizazioaz, baina hori posible egiteko teknologia multzoa behar da. Digitalizazioa produktu edo sistema bati konektibitatea ematea da, konektibitate horren bidez datuak lortzea, eta datu horietatik balioak ateratzea.

Ikerlanen teknologia digitalei lotuta ibilbide luzea egin dugu, 1974an sortu zenetik. Duela ia 50 urte elektronikarekin lanean hasi ginen; 80ko hamarkadan digitalizaziorako bideari ekin genion, lehen mikroprozesadoreak erabiliz, eta pixkanaka teknologia eta laborategi ezberdinak garatu ditugu. Orain, horiek guztiak DIGILABen elkartu ditugu, eta ekipamendu gehiago ere sortu ditugu. Berri horien artean leudeke, esaterako, zibersegurtasunari lotutakoak, datuen prozesamendurako zerbitzariak, edota 5G teknologietako komunikazioak. 2.000 metro karratuko laborategi erraldoi batean elkartu ditugu teknologia horiek guztiak.

Ion Etxeberria: “Argi dago esfortzu fisikoaren lan mundutik edo ekonomiatik, ezagutzaren ekonomiara igaro garela”

Laborategi berria, beraz, baina eraikina ere hala al da?

Eraikina lantegi zahar bat da, 50 urte baino gehiago dituena. Lehen eskulana egiten zen, etxetresnen kableatuak osatzen ziren bertan eta ehundaka langile aritzen ziren bertan beharrean. Gaur egun, jarduera asko jaitsi da lantegi horretan, eta gune hori aprobetxatzen jakin dugu laborategia sortuz. Esan daiteke espazio hori gizartearen eboluzioaren sinbologia bat dela, orokorrean gertatzen ari den bezala, eskulana teknologiagatik ordezkatu dugulako. Argi dago esfortzu fisikoaren lan mundutik edo ekonomiatik, ezagutzaren ekonomiara igaro garela.

Eta laborategi berria, hau da, DIGILAB, martxan dago jada?

Bai, eta bertara eraman ditugu aurretik ere lantzen ari ginen proiektuetako batzuk. 5G proiektuak, zibersegurtasunari lotutakoak edota adimen artifizialarenak, esaterako, martxan daude. Beste batzuk, berriz, oraindik sortzen ari gara, robotikaren inguruko laborategia kasu. IKERLANen 400 langile inguru gaude eta DIGILABen fisikoki egoten diren langileak 40 inguru izango dira.

Proiektuetako batzuk bidean, baina martxan denik ere badela diozu. Horietakoren bat azaltzerik izango zenuke?

Proiektu askorekin gabiltza lanean. Bat aipatzearren, gure teknologia berrietako bat gai da, esaterako, ekipo baten ahulguneak detektatzeko. Edozein ekipo bertara konektatzen dugu eta honek eraso egiten dio, dituen ahultasunak zeintzuk diren agerian utziz. Hala bateria askorekin egiten dugu proba, ahulgune horiek aurkitu arte.

Beste proiektuetako bat autogidatuena izan liteke. CAF enpresarekin elkarlanean dihardugu etorkizunera begira bakarrik gidatzen diren trenak sortu asmoz. Egungo makinak gai dira ikusmen artifizialarekin eta sentsore desberdinen bidez auto edo tren bat gidatzeko. Hori kontuan izanda, tren baten kontroladorea daukagu DIGILABen, CAFen tren batena, eta kontroladore horrek egiazko tren batean dagoela uste duenez,  hori kontrolatzeaz arduratzen da.

“5G proiektuak, zibersegurtasunari lotutakoak edota adimen artifizialarenak, esaterako, martxan daude. Beste batzuk, berriz, oraindik sortzen ari gara, robotikaren inguruko laborategia kasu”

5G teknologiarekin ere lanean diharduzuela aipatu duzu.

Egia da makinek aurrerapauso ikaragarria eman dutela azken urteotan. Gaur egun, gizakiok egiteko gai ez garen gauza asko ere egin ditzakete eta 5G teknologiak ere hori erraz dezake. Mugikorren munduan badago jada baina industriara oraindik ez da iritsi, 3G eta 4G erabiltzen dira. Hala ere, batzuetan komunikazio bizkorragoa beharko genuke. Tren batek arazoren bat badu, adibidez, zer gertatu den jakiteko kalkuluak nahiko konplexuak izaten dira eta arazoaren jatorria jakiteko jasotzen diren datuak askotan Irlandara, Alemaniara edo beste herrialderen batera bidali behar izaten dira. Ondorioz, denbora behar izaten da datuak haraino bidali, prozesatu eta atzera bueltan jasotzeko. Esaterako, tren bat gidatzen bazabiltza, datua hartu eta bidali baduzu, baina erantzuna jasotzerako semaforoa pasa baduzu, jada ez du balio. Orduan oso garrantzitsua da komunikazio horiek oso bizkorrak izatea. 5G teknologia oso-oso azkarra da, eta momentuan hartu beharreko erabakiak denboraz hartzeko baliagarria izango da industria munduan.

Guk sortu dugun teknologia berriarekin, informazio guztia atzerriko zerbitzari horretara bidali beharrean, elektronikaren laguntzaz, kalkulu batzuk bertan egiten ditugu. Hala, guk hemendik hartzen ditugu erabaki batzuk eta, konplexuenak edo denbora gehien behar dutenak, aldiz, berehala bidali eta jasotzen ditugu 5G komunikazio teknologiaren bidez.

DIGILABeko proiektuetako bat, 5G teknologiarekin lotuta | Argazkia: EnpresaBIDEA
DIGILABeko proiektuetako bat, 5G teknologiarekin lotuta | Argazkia: EnpresaBIDEA

Eta informazio hori nola bidaltzen da?

Askotan alderatzen dira kable bidezko komunikazioak uhin bidezkoekin. Normalean lehenak oso zehatzak izaten dira eta jakina izaten da zenbat denbora beharko lukeen informazio batek joaten eta atzera itzultzen. Wifia eta antzekoak ez dira hain zehatzak izaten, ez baitugu jakiten, normalean, bidali dugun informazioa noiz jasoko dugun bueltan. Guk wifi berezi bat sortu dugu, denboran oso zehatza dena. Bi robot kontrolatzen ditugu aldi berean, eta informazio bera bidaltzen dugu kable bidez zein uhinen bidez, bietatik. Ondorioz, lortzen duguna da biak batera bidaltzea eta sinkronizatuta egotea, hau da, bien abiadura oso parekoa izatea. Gaur egun halako gehiagorik ez da existitzen industria munduan.  

“Guk wifi berezi bat sortu dugu, denboran oso zehatza dena. Bi robot kontrolatzen ditugu aldi berean, eta informazio bera bidaltzen dugu kable bidez zein uhinen bidez, bietatik. Ondorioz, lortzen duguna da biak batera bidaltzea eta sinkronizatuta egotea, hau da, bien abiadura oso parekoa izatea. Gaur egun halako gehiagorik ez da existitzen industria munduan”

Proiektu asko eta ezberdinak bildu dituzue laborategian, beraz. Bada antzeko beste gunerik?

Ezetz esango nuke, DIGILABek arlo guztiak elkartzen dituelako. Ziur aski, DIGILABen lantzen dugun gai konkreturen bat lantzen duten laborategiak egongo dira, baita Euskal Herrian ere. Baina, arlo guztiak elkartu eta halako sinergia egin duen beste laborategirik ez dugu ezagutzen, ez dago. Azken finean, hori da gure berezitasuna, teknologia digitalei lotutako arlo guztiak espazio berean elkartu ditugula.

Bakarrak izanda, etorkizunera begira zer nolako erronkak dituzue?

Digitalizazioa gure bizitzan bete-betean sartu da, egunerokotasunean maiz erabiltzen dugun teknologia bihurtu da, izan erosketak egiteko, zein lagunekin komunikatzeko. Etengabe eraldatuz doa eta, agian mantsoago, baina industria ere goitik behera eraldatuko du. Hasiera batean, ekipo eta sistemei konektibitatea eman zitzaien, gero konexio horien bitartez datuak ateratzeko. Orain gauden fasean, datu horiei balioa ateratzen gabiltza zibersegurtasunari esker. Orduan, etorkizunean ikusten duguna da, datuei balioa ateratzen gabiltzan neurrian, aplikazio sistema makinak gero eta dimentsionalagoak izango direla.

“Arlo guztiak elkartu eta halako sinergia egin duen beste laborategirik ez dugu ezagutzen, ez dago. Azken finean, hori da gure berezitasuna, teknologia digitalei lotutako arlo guztiak espazio berean elkartu ditugula”

Garapen baten bidez, makinak jada erreproduzitzen dituzte guk gizakiok egiten ditugun zenbait gauza, esaterako, erabaki batzuk hartzen dakite, eta poliki-poliki lortu dute gizakiok egin ezin ditugun zenbait gauza ere egitea. Horren adibide dira sistema elektrikoak edota finantzarioak, ulertzeko oso zailak direnak eta erabakiak makinek hartzen dituzte.

Ondorioz, etorkizunera begira eboluzioa zein den? Argi daukat makinek aurrea hartuko digutela. Gizakiok egiteko gai ez garen ekintzetako asko makinek egingo dituzte etorkizunean, eta hori lantzen izango da DIGILAB ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK