• BERRIKUNTZA
  • Irailan zabalduko dute BAT berrikuntza eta ekintzailetza zentroa

Irailan zabalduko dute BAT berrikuntza eta ekintzailetza zentroa

Bilbon izango du egoitza, Bizkaia Dorrean, eta bertako eta nazioarteko nodoak bultzatu eta uztartzea du helburu

PwCko, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Talent Gardeneko ordezkariak, gaur goizeko aurkezpenean. | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
PwCko, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Talent Gardeneko ordezkariak, gaur goizeko aurkezpenean. | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bilbo
2022ko urtarrilaren 17a - 16:00
Eg. 2022ko apirilaren 28a - 17:55

Irailetik aurrera, Euskadik ekintzailetzaren beste tenplu bat izango du, oraingoan Bilboko Dorrean: BAT, B Accelerator Tower nazioarteko ekintzailetza zentroa. Egitasmoa gaur goizean aurkeztu dute martxan jarri duten eragileek: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak bultzatu dute, PwC aholkularitza eta auditoria multinazionalarekin, eta Talent Garden eta Impact Hub nazioarteko sareekin batera. Hain zuzen, hori izan da proiektuaren bereizgarrietako bat: babes publiko-pribatuarekin sortu eta kudeatuko da.

 

Proiektuak izaera estrategikoa du, alegia, orain arte dagoenaren “osagarri” izan nahi du, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez. Ekintzailetza zentroaren helburua da berrikuntza ekosistema indartzea, batez ere berrikuntza teknologikoarena eta negozio eredu iraunkorrena, bertako eta nazioarteko eragileen arteko loturak sustatu, eta Bizkaiko ekintzailetza mundu mailan posizionatzeko. Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak nabarmendu duenez, orain arte eragileak bazeuden, baita ekosistema eta testuingurua ere, baina “espazioa” falta zen nazioarteko esparruarekin lotura errazteko.

Oro har, BATek start-upen, enpresen, inbertsoreen, unibertsitateen, zentro teknologikoen eta klusterren arteko nodoak bilatu nahi ditu, baita korporazioak eta start-upak elkarrengandik gertuago jarri ere. Azken honekin, bultzatu nahi du start-upek irtenbide teknologikoak eskaini ahal izatea enpresei. Sinergiak bilatu eta lankidetzak sustatzeko, besteak beste, zerbitzu zerrenda osatzen ari dira. Estíbaliz Hernáezen Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak dioenez, “ekintzaileen balioa ikusarazteko” garrantzitsua izango da.