Irizar konpainiak eta Tecnalia teknologia zentroak euren arteko aliantza indartu dute, eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko soluzio teknologikoak bilatuko dituzte elkarlanean. Bi erakundeak aspalditik egiten dute lan elkarrekin, baina aurrerantzean lankidetzari hori “sakondu” nahi dutela adierazi dute. Hala, ibilgailu floten egiturak eta osagaiak arintzeko teknologia garatu nahi dute, propultsio elektriko eta hibridorako kontrol-sistemak sortu eta konektibitate eta mugikortasun adimenduna bultzatu.
David Sánchez Tecnaliako Industria eta Mugikortasuneko zuzendariak eta Imanol Rego Irizar Taldeko zuzendari nagusiak sinatu dute akordioa gaur. Azaldu dutenez, etorkizuneko ibilgailu-lineek efizientzia energetiko handiagoa izateko lanean ari dira, eta alternatibak garatzen ari dira material konposatuen bitartez, etorkizuneko autobus-gaman txertatzeko.
Propultsio elektriko eta hibridoetarako kontrol-sistemen alorreko ikerketari eta garapenari dagokienez, Irizar eta Tecnalia elkarrekin ari dira kontrol-algoritmo aurreratuak eta energia-kudeaketaren diseinua eta garapena lantzen bai autobusetarako, bai Irizarren ieTruck kamioi %100 elektrikorako.
Gainera, lankidetza horrek kudeaketa termikoa behar duten sistema ontziratuen energia optimizatzeari ere heltzen dio. Horretarako, ereduak eta algoritmoak garatzen dituzte, soluzio efizienteagoak eta jasangarriagoak bilatzen jarraitzeko.