Jaurlaritzak 3 milioi euroko laguntzak emango ditu enpresetan adimen artifiziala sustatzeko

Laguntza programa horrek 86 enpresa onuradun izan zituen iaz, eta bakoitzak batez beste 44.000 euroko laguntza jaso zuen

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritzak hiru milioi euro bideratuko ditu aurten adimen artifizialaren aplikazioa euskal enpresetan sustatzeko. Laguntzen deialdira aurkezten diren enpresek, frogatu egin beharko dute adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituztela Machine learning, Deep learning eta Ikusmen Artifiziala bezalako esparruetan.

Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera zentro bat duen eta adimen artifizial aplikatuaren arloan diruz lagun daitezkeen jarduerak garatu nahi dituen edozein pertsona fisiko nahiz enpresari zuzenduta daude.

100.000 eurorainoko itzuli gabeko laguntzak dira, eta kontzeptu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa %50ekoa izango da. Adimen artifizialaren esparru ezberdinei buruzko jakintza berriak eskuratzeaz gain, posible izango da hardware eta software berrien erosketa finantzatzea, eta baita aholkularitza, ingeniaritza eta antzeko zerbitzuen kostuak finantzatzea ere.

Azken helburua da negozioaren produktibitatea hobetzea  datuen analisi aurreratuan oinarritutako erabakiak hartuz.

Euskal enpresek aukera izango dute euren negozio-emaitzak hobetzeko algoritmo aurreratuak erabiliz, teknologia berri horiei buruzko ezagutza berriak eskuratzeko edo erabakiak datuetan oinarrituta hartzeko prozesuak indartzeko.

Spri taldeak kudeatutako programa apirilaren 5ean ireki zen eta azaroaren 21ra arte egongo da. Ekimen horri esker, adimen artifizialaren teknologiaren eskaintza eta eskaria aktibatuko dira EAEn. Laguntza programa horrek 86 enpresa onuradun izan zituen iaz, eta bakoitzak batez beste 44.000 euroko laguntza jaso zuen. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK