Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 120 milioi euroko inbertsioa egingo dute teknologia kuantikoetan

Donostiako superordenagailu kuantikoa 2024 amaierarako prest egongo da

Basque Quantumen aliantzaren aurkezpen ekitaldia Donostian | Argazkia: Irekia Basque Quantumen aliantzaren aurkezpen ekitaldia Donostian | Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 120 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute teknologia kuantikoetan 2028ra arte, Basque Quantum aliantzaren baitan. Hala, hainbat ekintza daude aurreikusita, tartean, Ikerbasqueren eraikin berria, IBM-Euskadi Quantum Center, DIPC eraikin berria, ikerketarako laborategi berriak, nazioarteko ikerketa proiektuak, edota kuantikari lotutako berrikuntza publikoaren eta pribatuaren sustapena Europa hegoaldean.

Hain zuzen ere, Ikerbasquek Donostian izango duen eraikin berrian kokatuko da IBM teknologia enpresaren superordenagailu kuantikoa, munduko seigarrena dena. Dauden bostak Estatu Batuetan, Alemanian, Japonian, Kanadan eta Hego Korean daude. Superordenagailu kuantikoek orain arteko ordenagailuek ebatzi ezin dituzten arazoei aurre egiteko gaitasuna dute. 2024 amaierarako eraikita egongo da Donostiako Ibaetako campusean, eta Ikerbasqueko profesionalek baliatuko dute.

Pasaden astean IBMk eta Ikerbasquek sinatutako akordioak 50,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Eusko Jaurlaritzaren finantzazioaren bitartez. Zenbateko horri aldundiek proiektua beren lurraldeetan garatzeko helburuarekin egingo duten ekarpena gehitu behar zaio, bai azpiegiturak erakartzeko, eta baita ikerketa beharrei erantzuteko ere. Orotara, Basque Quantum proiektuak 120 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten du 2028ra arte.

Hain zuzen ere, Basque Quantumen aliantzaren aurkezpen ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, hiru ahaldun nagusiak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, eta IBMko ordezkariak. Azken honek Euskal Autonomia Erkidegoaren alde egindako apustua goraipatu du lehendakariak, eta halako ordenagailu kuantiko batek etorkizunean ekar lezakeenaren aurrean prest egongo direla nabarmendu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK