• BERRIKUNTZA
  • Jaurlaritzak mikrotxipen lantegia abiatzeko inbertsiogileak bilatu nahi ditu

Jaurlaritzak mikrotxipen lantegia abiatzeko inbertsiogileak bilatu nahi ditu

Tapia sailburuak adierazi du 20.000 milioi euro inguruko inbertsioa behar dela halako lantegia ezartzeko. Mikrotxipen ESEPEra egitasmoa aurkezteko asmoa azaldu du

Arantxa Tapia sailburua artxiboko irudi batean.
Arantxa Tapia sailburua artxiboko irudi batean.
2022ko ekainaren 3a - 20:50

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak "lan egingo duela" Euskadin erdieroale edo mikrotxipen lantegi baterako beharrezkoa den inbertsioa lortzeko. Hala, mikroelektronikarekin lotutako Ekonomia Sustatzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoetarako (ESEPE) egitasmoa aurkezteko lanean ari da Jaurlaritza.

Aipatutako ESEPEren helburua estatu espainiarrean mikrotxipak fabrikatzeko lantegiak sortzea da, osagai elektroniko horien hornidura-arazoak konpontzeko. Aurreikusita dago proiektu estrategiko horrek 12.250 milioi euroko inbertsio publikoa mugiaraztea 2027ra arte. Era berean, inbertsio pribatuaren bolumen handia aktibatzea ere espero da. 

 

Tapiak adierazi duenez, horrelako planta bat "Euskadira eta beste edozein lekutara erakarri ahal izateko" 20.000 milioi euro inguruko inbertsioa egin behar da. Mikrotxipak osagai "estrategikoa" direla gaineratu du sailburuak, produktu askoren fabrikazioan erabiltzen baitira. Osagai horien eskasiak "Europa osoari" eragiten diola gogorarazi du eta enpresetan erdieroale gutxi izateak sortzen dituen arazoak alde batera utzita, badirela gai horretan "interes geopolitiko argiak".

Oinarri industriala
Sailburuak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoan alor horretan diharduten hainbat enpresa badaudela, Fagor Electrónica besteak beste, eta nabarmendu du "erdieroaleak egiten dituen Estatuko enpresa bakarra" dela, baina aitortu du horiek ez direla  Espainiako gobernuak ESEPEaren bidez garatu nahi dituen "bestelako maila horretakoak". Nolanahi ere, sektorean lan egiten duten euskal enpresa horiek eta beste batzuk azken belaunaldiko mikrotxipak garatzen dituzten enpresak erakartzeko "oinarri" direla adierazi du. Bere hitzetan  "nahikoa oinarri dugu ESEPEri proiektu bat aurkeztu ahal izateko. Oinarri teknologiko eta industriala dugu, Estatuko beste leku batzuetan agian intentsitate horrekin existituko ez dena ".