Kaudatu: Metapostaren soluzio digital berria

Metapostak bere enpresentzako zerbitzu digitalak berritu eta Kaudatu marka berriaren bidez bateratu ditu. Dokumentuak digitalki bidali, sinatu eta artxibatzeko aukera ematen du

Dagoeneko erabilgarri dago Kaudatu | Argazkia: Metaposta
Dagoeneko erabilgarri dago Kaudatu | Argazkia: Metaposta
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko azaroaren 12a - 05:30

Metaposta pertsona eta enpresei legezko balioa duen dokumentazioa jasotzeko eta kudeatzeko ingurune digital segurua, egonkorra eta juridikoki sendoa eskaintzeko xedearekin sortu zen. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidean, eragin juridikoa duen dokumentazioaren entrega eta artxiboa modu seguru eta errazean ebatzi behar zuten enpresei lagundu die. Ekonomia eta gizarte sareak aurrera egin ahala, zerbitzua hazten joan da. Ildo horretan, funtsezko eragile bihurtu da konfiantzazko zerbitzu digitalen ekosistemaren barruan.

 

Azken urteetan Metapostaren bezeroek argi utzi dute jauzi egiteko unea iritsi dela: "Ikusten genuen beharrezkoa zela enpresarako berariaz diseinatutako zerbitzu proposamen berri bat, bere garaietarako, eguneroko zametarako, benetako beharretarako", azaldu du Asier Orio Metapostako zuzendariak.

Tamaina eta sektore desberdinetako enpresetan digitalizazio prozesuekin hamarkada bat baino gehiago eman ondoren, Metapostak ikusi zuen beharrezkoa zela bere enpresentzako zerbitzuak eguneratzea eta ingurune "moderno, bisual eta erabilerrazean" eskaintzea. Horri erantzunez eta Europako ikuspegiarekin legea betetzen dela bermatuz sortu dute Kaudatu, web plataforma berri baten bidez lan egiteko aukera ematen duen marka korporatiboa. Honela azaldu Oriok: “Kaudaturekin erakundeak lan errepikakorretatik liberatu nahi ditugu eta benetan balioa ematen duenari denbora gehiago eskaini”.

 

Asier Orio (Metaposta): "Ikusten genuen beharrezkoa zela enpresarako berariaz diseinatutako zerbitzu proposamen berri bat, bere garaietarako, eguneroko zametarako, benetako beharretarako"

Laburbilduz, Kaudatu Metapostaren esperientzian oinarritutako plataforma digitala da, enpresentzako konfiantzazko zerbitzuak modu erraz, seguru eta gertukoan eskaintzen dituena. Metapostaren balio proposamenaren bilakaera da, eta Europako eIDAS 2 araudiaren testuinguru berrira egokituta dago. Edozein konpainiak erabil dezake dokumentuak kudeatzeko, sinatzeko eta artxibatzeko prozesu kritikoak, inbertsio konplexurik eta teknologia ezartzeko epe betierekorik gabe. Gainera, lehendik zituzten erabiltzaileek Kaudaturen balorazio oso positiboa egin dutela nabarmendu du zuzendariak, eta erabilerraztasuna eta eguneroko kudeaketa bermatzen duen diseinu bisualagoa azpimarratu.

Zer da postontzi digital bat?

Postontzi digital bat espazio seguru bat da, non pertsona edo enpresa batek dokumentu digitalak jaso, gorde eta kudeatzeko aukera izango duen, datuaren jabetza eta haren osotasuna une oro bermatuz. Ñabardura hori funtsezkoa da: postontzia erabiltzen duena informazioaren jabea da eta beti kontrola dezake. Hori da beste eredu teknologiko batzuekiko egiturazko aldea, zeinetan datua ez dagoen argi nork kontrolatu eta nork ustiatzen duen.

Postontzia erabiltzen duena informazioaren jabea da eta beti kontrola dezake

Kaudatu funtsezko oinarri horretatik abiatzen da; egiaztatutako nortasunetan oinarritutako sinadura digitala, dokumentazioa kanal seguru baten bidez bidaltzea, epe luzeko artxibo elektronikoa eta langileek edo laguntzaileek dokumentazioa zuzenean erakundearen postontzira bidaltzeko gaitasuna. Hau da, dokumentuak jasotzeaz gain, babes tekniko eta legal osoa duten prozesu digitalak erabiltzeko aukera izatea.

logo
Argazkia: Kaudatu

Enpresen eraginkortasuna areagotzeko

Kaudatu erabilgarri dago egun. Ez da etorkizuneko promesa, ezta pilotu esperimental bat ere. Metapostak enpresei eskaintzen zizkien zerbitzuak integratzen ditu, eta web plataforma arinago, bisualago eta eskuragarriago batean bateratzen ditu. Etengabeko bilakaeran dago: enpresen erabileratik ikasten du eta egokitzen da.

Horrez gain, laster zerbitzua webgunetik bertatik kontratatzeko aukera egongo da. Enpresek planak aukeratu ahal izango dituzte sinadura digitalen, dokumentu bidalketen edo artxibo beharren bolumenaren arabera. “Gure helburua edozein erakundeek, handi zein txikiek, modu errazean eta gardenean Kaudaturen zerbitzuak erabiltzeko aukera izatea da”, argitu du Oriok.

Asier Orio: “Enpresek eraginkortasunean irabazten dute, paperari eta eskuzko kudeaketari lotutako kostuak murrizten dituzte eta, batez ere, beren prozesuek indarrean dagoen araudia betetzen dutela ziurtatzen dute”

Kaudatuk, gainera, segurtasun eta konfiantzazko ingurunea eskaintzen du, bai bidaltzen duenarentzat, bai dokumentazioa jasotzen duenarentzat: dena trazatuta geratzen da, dena babestuta geratzen da, dena kontrolpean. “Enpresek eraginkortasunean irabazten dute, paperari eta eskuzko kudeaketari lotutako kostuak murrizten dituzte eta, batez ere, beren prozesuek indarrean dagoen araudia betetzen dutela ziurtatzen dute”,  gehitu du Metapostako zuzendariak.

eIDAS2 araudira egokituta

eIDAS2 Europako lege berriaren bitartez identitate digitalaren eta konfiantzazko zerbitzuen oinarriak birdefinitzen ari dira Europako Batasun osoan. Honen helburua da pertsona eta erakunde guztiek ingurune digitalean modu erraz eta seguru batean aritzeko aukera izatea. Bermatuz, horrela, segurtasuna, gardentasuna eta transakzio digital guztietan konfiantza. Kaudaturen zerbitzuak araudi berri honetara egokituta daude. Gainera, lankidetza publiko-pribatuari esker, Euskal Herrian azpiegitura sendoan garatzen ari direla dio Oriok, esaterako, kontratu pribatu bat digitalki sinatzeko aukera ematen dutenak.

Baina legea betetzeaz edo modernizazio teknologikoaz harago, digitalizazioa ulertzeko beste modu bat izan nahi du Kaudatuk. "Kaudaturekin erakutsi nahi dugu digitalizatzea ez dela soilik prozesuak arintzea edo papera ezabatzea", azpimarratu du; "egiteko modu arduratsuago bat da, inpaktu txikiagoa sortzen duena eta egunerokoan benetako aldaketa ekartzen duena”.

Asier Orio: "Kaudaturekin erakutsi nahi dugu digitalizatzea ez dela soilik prozesuak arintzea edo papera ezabatzea"

"Berdea" izateari ere garrantzia ematen dio; ez da birziklatzera mugatzen: murriztu, birpentsatu eta berriz diseinatzea dakar, etorkizun jasangarriagoa eta guztiontzako irisgarriagoa eraikitzeko. Ildo horretan, Kaudatu tresna praktikoa da: digitala, segurua eta hurbila, eguneroko lana errazten duena eta paperaren, tintaren, garraioaren eta biltegiratze fisikoaren erabilera nabarmen murrizten duena. Hainbat enpresek euren prozesuetan barneratu dute Kaudatu: Egibidek, Gureakek edo Tecnaliakek, besteak beste.