OnyxVoice izeneko ahots laguntzailea sortu du Tekniker ikerketa zentroak Aner enpresa taldearen laguntzarekin. Makina eta pertsonen komunikazioa areagotzen ari den testuinguruan, lan esparruan erabiltzeko erreminta garatu dute bi erakundeek. Aner taldeak enpresa kudeaketarako softwareak egiten ditu, eta ahots laguntzaile berri honek bere plataformarekin konektatzeko gaitasuna izango du.
Ahots bidez nabigazioa nahiz datuen bilaketa ahalbidetuko du OnyxVoicek, eta Teknikerren arabera, lan komertzialak egiteko balioko du, nahiz eta etorkizunean beste funtzio batzuk betetzeko aukera ere izan.
Izaskun Fernandez Teknikerreko ikerlariaren hitzetan, erremintak langilearen eskakizunak eta aginduak ulertzeko, “hizkuntzaren prozesamendu naturalean oinarrituriko teknologia” landu dute. “Erabiltzailearen ahotsa entzunda, emandako agindua bete eta ekintza bihurtuko du”, azaldu du.