Martxoaren 19tik 29ra artean, Atharratzetik Bilbora Euskara gara lemapean lasterka egingo duten Korrika 2026 gaineko informazio guztia jaso daiteke IOS eta Android sistementzat doan deskargatu daitekeen appari esker: albisteak, ibilbidea, geo-lokalizazioa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzeneko emisioa edota bideo-kronikak izango dituzte eskura aplikazioaren jarraitzaileek. Korrikaren aplikazioaren tresnak eta funtzioak garatu eta doitu egin dituzte aurtengo ediziorako AEKk eta Batura Mobile enpresak. Doako aplikazioa horrek, egun, lasterketaren jarraipen osatuena egiteko aukera zabala eskainiko du.
AEKko informatikari eta Korrikako ibilbidean zehar teknikari lanetan arituko den Asier Arroitak lagundu du aipatu aplikazioa garatzen lantalde sendo batekin batera, AEKko langileak eta Batura Mobile Bilboko Software konpainiaren euskarri teknikoa uztartu egin baitira. “Aurtengoa bosgarren edizioa izango da Korrikarako aplikazioa sortu genuenetik eta urtero saiatzen gara aurreko urteetako esperientzia baliatuz gauzak hobeto egiten”, esan du Arroitak.
Asier Arroita (AEK): “Aurtengoa bosgarren edizioa izango da Korrikarako aplikazioa sortu genuenetik eta urtero saiatzen gara aurreko urteetako esperientzia baliatuz gauzak hobeto egiten”
Aurten, besteak beste, zuzeneko emisioa jarri dute eskuragarri, 24 ordukoa, etenik gabekoa. Horrez gain, geolokalizazioa eskainiko dute; furgonetako geolokalizazioaren bidez une oro jakin ahal izango dute apparen erabiltzaileek non dabilen Korrika, eta garaiz edo atzerapenez datorren. Halaber, bilatzailea eskainiko dute: lekuko-hartze guztien zerrenda, herriak eta hiriburuak eskura ipinita. Erabiltzaileek jakinarazpenak aktibatuta izanez gero, azken uneko albisteen eta aldaketen berri izango dute.
Aplikazioan gainera, orobat, bideo-kronikak eskainiko dituzte egunero: Korrikak iraungo duen 11 egunetan, egun bakoitzeko jarduna laburbiltzen duen bideo-kronika jasoko ahal izango da iluntzean. Korrika klik-klak! izenburuko atalean argitaratuko dira gaueko 21:00ak aldera. Horien bidez, Errigorak lasterketa bitartean martxan jarriko dituen zozketetan parte hartu ahal izango dute erabiltzaileok. Azkenik, Korrika Laguntzaileentzat gune pribatua jarri dute eskuragarri AEK eta Baturaren artean: aplikazioaren bidez, txartel birtuala izango dute eskura, eta gune pribatu horretan, astero zer zozkatzen den jakin eta irabazleak egiaztatu ahal izango dituzte.
Hainbat erakunderen arteko lankidetza
“Hilabete batzuk eman ditugu aplikazioa garatzen, batez ere lasterketa zuzenean jarraitzeko (bideoa) eta geolokalizateko aukerak garatzen. Izatez, ibilbideak dituen berezitasun guztiak kontutan izan behar ditugu, eta ez da erraza 3.436 kilometroetan eta askotan furgonetak ez dauden lekuetan kokapena horren zehatza izatea”, zehaztu du Arroitak. Furgoneta barruan ere, Korrikaren denborak arras zehatzak izango dira, kilometro bakoitza 6:30 minututan egin behar izango baitute korrikalariek. Xede horrekin, AEKk jarraipena egin ahal izateko beste aplikazio bat ere garatu du, zenbateko atzerapena daramaten abisatu, lekuko eramailea nor den jakinarazi eta hurrengo kilometroetan gorabeheraren bat egongo ote den jakin ahal izateko.
Halaber, konexioak ere hobetu egin dituzte aurtengo ediziorako. Merkatuan dauden konexio aurreratuenetakoak lortu dituzte, informazioa zein irudiak eta bideoak furgonetatik bertatik eta momentuan korrika aplikazioan zein webgunean zabaldu ahal izateko. “Hori dena garatzeko, hainbat laguneko lantalde polit bat izan dugu, eta Batura Mobile, Eitb zein Izarkom izan ditugu ere ondoan, baliabideak eta esperientziak partekatzen”, adierazi du Arroitak.
Asier Arroita (AEK): "Gurea bezalako kooperatiba batentzat oso inbertsio handia izan da, bai ekonomikoa, bai pertsonala”
AEKk betidanik izan du azken aldiko aurrerakuntza teknologikoak Korrikaren funtzionamenduan gehitzeko asmoa eta borondatea. Aurten, Arroitaren esanetan, dronearen erabilera izango da baliabiderik aipagarriena eta hurrengo edizioetan gehiago erabili nahi dute lasterketaren irudi erakargarriagoak lortzeko xedez. “Aurrekontua ezin dugu esan zehazki, hainbat urtetan ibili garelako garatzen, eta bere garaian gastatutakoari gehitu behar zaio gaur egun egiten ari garen inbertsio guztiak (software, hardware, pertsonala...), baina gurea bezalako kooperatiba batentzat oso inbertsio handia izan da, bai ekonomikoa, bai pertsonala”, aipatu du.