Kutxa Fundazioaren Atenea espazioak Eureka zientzia museoaren lekukoa hartuko du

Erakundeak gaur aletu ditu 2024-2030 aldirako plan estrategiko berriaren ildo nagusiak. Eureka! zientzia museoak 2026ko lehen seihilekora arte mantenduko du ohiko funtzionamendua

Ander Aizpurua eta Karmele Gomez plan estrategikoaren aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA Ander Aizpurua eta Karmele Gomez plan estrategikoaren aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Kutxa Fundazioak gaur aurkeztu du 2024-2030 aldirako plan estrategiko berria Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan. Estrategia eta jarduera programak berrikusi eta eguneratzearen alde egin dute, Gipuzkoako erronka eta egoera berrira lerrokatuago dagoen erakundea izateko asmoz. Horrela, 2030era arte plan berriak 250 milioi euroko aurrekontua izango du. Bestalde, Kutxa Fundazioak Tabakaleran duen Atenea espazioa eraldatu egingo dute, eta Miramongo Eureka! zientzia museoa 2026ko lehen seihilekora arte egongo da zabalik.

Plan estrategiko berria aletzearen ardura izan dute Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, Ander Aizpuruak eta Berrikuntza arloko zuzendariak, Karmele Gomezek. Lehenik eta behin, Aizpuruak fundazioaren "bokazio soziala" nabarmendu du, fundazioaren diru sarrerak Kutxabanketik eta enpresetatik datozela azalduz. Bigarrenik, Gipuzkoarekiko "konpromisoa" berretsi dute. Haren esanetan, "Kutxa Fundazioa hainbat motatako proiektuak bultzatzen eta garatzen laguntzen duten gizarte-eragile aktibotzat hartzea nahi dugu. Ez dugu nahi laguntzaile soiltzat hartzea, baina ez diogu uko egin nahi bultzada finantzazioa behar duten proiektuak babesteko dugun gaitasunari".

2030era arte plan berriak 250 milioi euroko aurrekontua izango du

Bi ideia hauek azpimarratu ondoren, plan estrategikoaren helburuak eta jarduera ardatzak zehaztu dituzte. Helburuei dagokionez, fundazioak lau helburu ezarri ditu: lehendabizi, STEAM bokazioak sustatzea haur eta gazteengan; bigarrenik, kultura eta zientzien laguntzaz gizartzea ahalduntzen laguntzea. Hirugarrenik, gizarte eta ingurumenaren aldeko konpromisoa aktibatzea, eta azkenik garapen ekonomiko jasangarrian aletxoa jartzea.

Eta zehaztu dituzten helburuak betetzeko, lau jarduera ardatz finkatu dituzte. Alde batetik, Gaitasunak piztuz deritzon jarduera-ildoa. Helburua da hezkuntza esanguratsua eta zeharkako gaitasunen garapena sustatzea, ikaskuntza aukera berriak sortzen lagunduz hezkuntza komunitateari. Zentzu horretan, Aizpuruak nabarmendu du Gipuzkoako ikastetxeekin hainbat proiektu dituztela abian.

Bigarren jarduera ildoa, Ezagutza-biziz deiturikoak gizartean pentsamendu kritiko eta konplexua sustatu nahi du, eta hirugarrenak, herritarren eta Gipuzkoako enpresa sarearen konpromisoa bultzatu nahi du. Azkenik, laugarrenak, Aukerak irekiz izeneko ildoaren bidez, Gipuzkoan enpresa-sare jasangarri, lehiakor eta berritzailea egotea bilatzen dute.

Atenea espazioa

Bestalde, gaur hasi duten aro berriko mugarri bat ere iragartzeko baliatu dute prentsaurrekoa. Atenea, fundazioak Tabakaleran duen espazioa, eraldatu egingo du Kutxa Fundazioak. Miramongo Eureka! zientzia museoa 2026ko lehen seihilekora arte egongo da zabalik eta ondoren, Atenea espazioak ordezkatuko du. Gomezek aitortu du agian Eureka! zientzia museoko hainbat modulu Atenea espazio berrian txertatuko dituztela.

Proiektu berri hau, orain arte bezala, beheko, lehen eta laugarren solairuan gauzatuko da, eta 6.300 metro karratuko azalera izango du. 2026ko udazkenean irekiko ditu ateak eta fundazioak 15 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du. Egokitzapen lanak Mediapro Exhibitions enpresa katalanak egingo dituela iragarri dute.

Gomezek argi utzi du Atenea izango dela Kutxa Fundazioaren programa asko eta asko gauzatuko diren espazio fisikoa. Era berean, xehetasun gehiago eman ditu: "Ekipamendu berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu eta komunitatearen beharrei zentzurik zabalenean erantzuteko konfiguratu dugu, proiektu aktibo eta didaktikoetan oinarrituta, ekipamendu dinamiko eta aldakorra izan dadin, analogikoa eta digitala aldi berean".

Karmele Gomez: "Ekipamendu berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu eta komunitatearen beharrei zentzurik zabalenean erantzuteko konfiguratu dugu"

Laburbilduz, Atenea espazioaren baitan, beheko solairuan Jakinbidea izeneko hipermedia espazio berria egongo da. Gazteentzat zuzenduta izango da, pentsatu, eztabaidatu eta ideiak partekatzeko. Solairu berean, orain arte moduan, Artegunea izenez ezagutu den erakusketa-aretoa egongo da, baina izenez aldatuta, orain Artebidea.

Lehen solairuan bere horretan mantenduko da Kluba ikuskizun-aretoa, eta laugarren solairuan hiru espazio berri sortuko dira: Ezagutza KM0, Zientziabidea eta Hazitegia. Gomezen esanetan, KM0 espazioak "gizaki nahiz gizarte bezala horrenbeste kezkatzen eta arduratzen gaituzten gai handi horiek erantzuteko egin dezakegunaz gogoeta egitera bultzatuko du". Hazitegiak, bestetik, sormenezko proiektu bideragarri eta jasangarriak bultzatuko ditu, eta Zientziabidea STEAM ezagutza lantzeko erakusketa-gunea izango da, hiper-media baliabideak ikusgai dituen espazio handi bat. Horrez gain, orain arte bezala jarraituko dute Ruiz Balerdi aretoak eta Doctor Camino liburutegiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK