Paisaiaren arkitektura naturalaren arabera egokitu ohi dute abereek euren mugimendu eta jarduera. Maldek, larreek eta iturriek animalien lekualdaketak baldintzatzen dituzte, eta horrek ustiategietako animalia taldeak toki beretan elkartzea dakar. Animaliak mendiko gune zehatz batzuetan metatzeak handitu egiten du elkarrekin kontaktuan egoteko probabilitatea, eta, ondorioz, gaixotasunak errazago hedatzen dira abereen artean.
Errealitate hori aintzat harturik, Neiker teknologia zentroak azterketa bat abiatu du abereak elkartzen diren zonalde horiek aztertu eta animalien osasunean duen eraginean erreparatzeko. Gorbeiako parke naturalean egiten ari dira azterketa, Living Lab ereduari jarraituta. Benetako esperimentazio-ingurune horrek aukera ematen du ohiko laborategi batean erreproduzitu ezin diren prozesu ekologikoak atzemateko.
Neikerrek jakinarazi duenez, proiektuan abeltzainek ere parte hartu dute, eta 250 bat GPS gailuz osatutako sare bat eraiki dute. Sare horretatik ateratako datuak eskaini dizkiote ikerketa zentroari. Gailuak “animalia lider” deritzenei jartzen zaizkie, hau da, portaera naturalagatik talde osoaren norabidea eta denborak zuzentzen dituzten animaliei.
"Banakoak monitorizatuta talde osoaren ibilbideak fideltasunez berreraiki ditzakegu, eta zuzenean behatuz identifikatu ezin izango genituzkeen harreman-fokuak atzeman ditzakegu", adierazi du Isabel Albizuk Neikerreko ikertzaileak.
Abeltzainek emandako datuak kutsadura arriskua adierazten duen mapa batean txertatu dituzte, eta tresna horren bitartez transmisioa gertatzeko probabilitaterik handien duten eremuak identifikatu.
Orain arte eginiko azterketak ondorioztatu du paisaiak arrisku sanitarioa baldintzatzen duela. Albizuren hitzetan, pistetatik gertu dauden eremu lauetan errazagoa da animalia taldeak nahastea. “Ura duten guneak eta sastrakadiak, animaliek babesleku termiko eta atsedenerako bilatutakoak, funtsezko tokiak dira zenbait gaixotasun kutsatzeko, hala nola behien tuberkulosia eta akainen bitartez transmititutakoak", argitu du.
Neikerrek azaldu du abeltzainek “ebidentzietan oinarritutako prebentzio-erabakiak” har ditzaketela, hala nola, “azpiegiturak birdiseinatzea, larratze-presioa murriztea eta igarobide seguruak planifikatzea”.
Gauzak horrela, azterketari buruzko informazioa lehen sektoreari helarazteko asmoz, Neikerrek jardunaldi teknikoak antolatu ditu aste honetan Seguran (otsailak 24), Orozkon (otsailak 25) eta Zigoitian (otsailak 26).