• BERRIKUNTZA
  • Animali aziendentzako lepoko adimenduna probatzen ari da Larresne taldea

Animali aziendentzako lepoko adimenduna probatzen ari da Larresne taldea

Larresne taldeak animalien jarraipena eta kudeaketa indartu nahi ditu, abeltzaintzaren digitalizazioa bultzatuta

Rumi lepokoak GPSa eta azelerometroa ditu uztartuta | Argazkia: Neiker
Rumi lepokoak GPSa eta azelerometroa ditu uztartuta | Argazkia: Neiker
2025eko azaroaren 20a - 11:45

Nekazaritzako elikagaien sektorea kontsumo-ohitura berrietara egokitzen ari da, eta gero eta gehiago eskatzen dira jasangarritasuna, ongizatea eta trazabilitate argia bermatzen duten produktuak. Hala ere, oraingo ziurtapenek ez dute beti egiaztatzen animaliek benetan larratzen (zuzenean belarrez elikatzen) dutenik. Horren aurrean sortu da Larresne taldea, sektoreko eragileak bildu eta abeltzaintzaren kudeaketa digitalerantz aurrera egiteko helburuarekin.

 

Neiker zentro teknologikoa taldeko kidea da, eta jakinarazi duenez, bere eginkizun nagusia abeltzaintzaren digitalizazioa bultatzea da, baita abere taldeen kudeaketa hobetzea eta produktuen trazabilitatea indartzea ere. Horretarako garatutako tresnetako bat da RUMI izeneko lepoko adimenduna, zeinak GPSa eta azelerometroa uztartuta dituen animalien kokapena eta jarduera etengabe erregistratzeko. Gailuak eguzki-plaka duenez, erremintaren autonomia bermatzen da. “Animalia bakoitzaren portaera uneoro zehaztu daiteke eta datuak berehala jasotzen dira aplikazio batean”, azaldu du Nerea Mandaluniz NEIKEReko ikertzaileak.

Sistema behi-aziendan aplikatzen ari dira lehenik, baina ardi latxetan ere probatuko dute eta egokitzapenak egingo dira kasu bakoitzerako. Neikerrek azal du behien monitorizazio jarraituak aukera ematen diela abeltzainei araldiari edo erditzeari buruzko aldaketak berehala atzemateko, baita osasun- edo ongizate-seinaleak goiz identifikatzeko ere. Horrez gain, larre-esnearen jatorria ziurtatzeko bidea irekitzen du, trazabilitatea eta gardentasuna sendotuta.

 

Hala, ahalbidetu nahi da abeltzainek eguneroko lana modu eraginkorragoan antolatzea eta gertakari posibleei aurrea hartzea. Mandalunizen hitzetan, “lanaren plangintza hobetzea eta animalien beharrei aurrea hartzea ahalbidetzen du”.