Lege alderdiak datuen erabileran

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, Data Governance Act eta urte amaieran onartzea espero den Adimen Artifizialaren (AA) Erregelamendu proposamenak arautzen dute datuen erabilera

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Datuak Babesteko eta Informazioaren Segurtasunerako arlo-arduraduna LKS Next Legalen
2023eko ekainaren 27a

Datuak Ekonomia Digitalaren funtsezko osagaia dira. Azken urteotan, pertsonek eta objektuek sortutako datuen bolumena azkar handitu da, eta enpresek datu horiek erabili ahal izatea nahi dute. Artikulu honetan errepasatu egiten ditugu araudia betetzeko eta hirugarrenen eskubideak errespetatzeko kontuan hartu behar diren alderdi legalak.

 

DBEOk datu pertsonalak tratatzeko eta datuak babesteko printzipioak betetzeko zilegitasun oinarri bat izatea eskatzen du. Baina badira datuak erabiltzen ditugunean kontuan hartu behar ditugun beste arau batzuk ere.

Enpresa sekretuari dagokion babesa jabetza intelektualeko eskubideengatik eman beharreko babesaren antzekoa da

Informazioa edo ezagutza (horiek ere datuak dira) babestuta egon daiteke, enpresa-sekretu gisa, baldin eta isilpean gordetzekoa baldin bada, enpresa balioa badu, eta enpresak arrazoizko neurriak hartu baditu sekretupean mantentzeko. Enpresa sekretuari dagokion babesa jabetza intelektualeko eskubideengatik eman beharreko babesaren antzekoa da. Datuak jatorrizko sorkuntza intelektualak direnean, egile-eskubideen bidez babestu daitezke, eta datu baseen kasuan, funtsezko inbertsio bat eginda sortutako baseei ematen zaien sui generis babesa eman ahal zaie. Salbuespena dira testu eta datuen meatzaritza.

 

Adimen artifiziala zein datuetan oinarritutako produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko eskuragarri dauden datuen kopurua handitzeko asmoz,Data Governance Act izenez ezagutzen den Europako Araudiak, Europan dauden eta FAIR printzipioen pean (erraz aurkitzekoak, eskuragarriak, interoperagarriak eta berrerabilgarriak) datuak trukatzea ahalbidetzen duten datu gune komunak arautzen ditu. Data Act proposamenak, berriz, Internetera konektatutako produktuak (IoT) edo horiekin lotura duten zerbitzuak erabiltzearen ondorioz sortzen diren datuei aplikagarria da. Horrek aurreikusten du erabiltzaileek (pertsona fisiko edo juridikoak) eskubidea izango duela sortutako datuak eskuratzeko eta datu horiek hirugarren baten esku jartzea eskatzeko (esaterako, salmenta osteko zerbitzu-emaile bat). Halere, datuak sortarazten dituen erakundearen titulartasunekoak diren enpresa-sekretuetan izango dituen ondorioak kontuan hartuta, eskubide hori behin betiko testuan modulatuko dela ematen du. Datu irekien eta sektore publikoaren informazioaren berrerabileraren gaineko araudiak ere errazago egiten du datuak eskuragarri izatea.

'Data Governance Act' izenez ezagutzen den Europako Araudiak, Europan dauden eta FAIR printzipioen pean (erraz aurkitzekoak, eskuragarriak, interoperagarriak eta berrerabilgarriak) datuak trukatzea ahalbidetzen duten datu gune komunak arautzen ditu

Adimen Artifizialaren (AA) Erregelamendu proposamenak (2023aren amaieran onartzea aurreikusi da) arriskuetan oinarritutako ikuspegia dauka (osasunerako, segurtasunerako edo funtsezko eskubideetarako arriskuak), eta honako hau ezartzen du: batetik, debekatuta dauden AAko jardueren zerrenda bat (adibidez, puntuazio sozialerako); bestetik, arrisku handia duten AAko sistemen zerrenda bat (adibidez, lan eremuan erabakiak hartzeko), hainbat betebehar bete behar dituztenak; eta azkenk, gardentasunaren mende dauden AAko sistemen zerrenda bat (adibidez, benetakoak ematen duten eduki sintetikoak sortu badira, horretaz ohartarazi beharko da). Erregelamendu berriak arrisku handiko AA sistemei eskatuko die kalitatezko datu multzoak erabiltzeko (datu egokiak, adierazgarriak, akatsik gabeak, osoak, propietate estatistiko egokiak dituztenak), entrenatzeko, baliozkotzeko eta probatzeko, eta datuen gobernantzan eta kudeaketan jarduteko, alborapenak saihesteko.

Eta ez dugu zibersegurtasun geruza ahaztu behar. Izan ere, DBEOak, SENek, NIS 2 Zuzentarauak eta finantza sektorerako DORA arauak ere, besteak beste, ezartzen duten betekizuna baita.