
Euskal Autonomia Erkidegoko lekaleak ekoizteko erabilerak eta jomugak dibertsifikatzeko helburuz, Euskal elikaduraren balio kateko hainbat eragilek Lekaleak berrikuntza proiektua jarri dute abian. Horren bidez lekale irinen ekoizpena sustatu nahi dute, euskal elikadura enpresek plant-based elikagaiak –landare jatorriko lehengaiekin soilik eginak– gara ditzaten.
UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartea da proiektuaren burua, eta Basque Food Cluster euskal elikadura katearen erreferentea; ahatearen eta haren eratorrien produktuetan espezializatutako Delicass enpresa; Arabako Laboreen Elkarte Alternatiboa; Leartiker teknologia zentroa; eta Neiker Nekazaritza Ikerketa eta garapenerako Euskal Erakundea dira gainerako partehartzaileak. Hala, proiektuaren ardura duen partzuergoak hainbat arloko esperientzia eta ezagutza uztartzen ditu.
Ohar bidez jakitera eman dutenez, Lekaleak proiektuaren garapenari esker beste erabilera batzuetarako interes handiko nutrizio propietateak dituen lehen lekale irina sortuko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Irin horrek plant-based produktu sorta garatzeko balioko du, animalia jatorrikoak ez diren proteina iturri berrien erabilera sustatzeko eskaerari erantzunez. Emaitzak kontsumitzaileekin aztertuko dira, euren pertzepzioa eta hobetzeko aukerak ezagutzeko.
Prozesu osoa burutu ostean, nekazaritza ekoizpena dibertsifikatzeaz gain, negozio eredu berria bultzatuko da. Halaber, plant-based produktuen ingurumen eragina ere murriztu egingo da, tokiko lehengai jasangarria gehituko delako.
Proiektuak zenbait fase izango ditu, eta horien artean egongo dira ekoizpen analisiaren azterketa egitea, landu beharreko barietate onenak hautatzeko, edota landare jatorriko lehengaiekin egindako elikagaien merkatuko joeren analisia egitea. Hortik aurrera lekale irinak lortuko dira eta, ondoren, azken produktuak diseinatu eta garatu eta kontsumitzaileekin kontrastatuko dira. Alde horretatik, proiektuaren iraupena 2023 amaierara arte luzatuko da.