Makina-erreminta sektoreko zibersegurtasuna aztertzeko proiektua abiatu du Ziur Zentroak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ziur Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak makina-erreminta sektoreko zibersegurtasunaren inguruko proiektua jarri du martxan. Sektoreko lau enpresek hartuko dute parte egitasmoan, eta urtebetez euren produktuen zibersegurtasun maila eta nazioarteko araudiek planteatutako eskakizunen betetze maila aztertu ahal izango da.

Proiektua “laborategi ebaluatzaile” batetik gauzatuko da. Prozesu osoan zehar izango dira lau enpresak eta Ziur Fundazioak definituko du industriak produktuak ebaluatzeko eta ziurtatzeko metodologia.

Koldo Peciñak, Ziurreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “proiektu honek garrantzi estrategikoa du Gipuzkoako industria sektorearentzat, eragin handia izango duelako zibersegurtasun industrialaren sustapenean”. Halaber, jarduera honek “merkatuan modu lehiakorragoan kokatzea erraztuko dio industria sektoreari, gero eta zorrotzagoak diren merkatuaren beraren eta nazioarteko araudien eskakizunei aurrea hartuz”.

AFM makina-erreminta fabrikatzaileen klusterrarekin lankidetzan ondu du egitasmoa Ziurrek. Hala, AFMko ordezkarien ahotan, makina-erremintaren sektoreak “konfiantza saltzen die bezeroei, maila teknologiko handiko produktuen bidez. Konfiantza hori hainbat esparrutatik erakusten da, baina bat hasiberria eta egiaztapen mekanismo homologatuak eta errazak eskatzen dituena, zibersegurtasuna da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK