Maria Penilla izango da Ziur Fundazioko zuzendari berria

Orain arte fundazioko zuzendari teknikoa izan denak Koldo Peciña ordezkatuko du zuzendaritzan

Maria Penilla | Argazkia: Ziur Maria Penilla | Argazkia: Ziur

Maria Penillak ordezkatuko du Koldo Peciña Ziur Fundazioaren zuzendaritzan. Orain arte zuzendari izan dena, Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari izendatu dute, eta Penillak hartuko du bere lekukoa. 2020eko irailetik orain arte Ziurreko zuzendariko tekniko gisa egin du lan Penillak. Santanderren jaio zen 1975ean, eta euskaraz hitz egiten du. Telekomunikazioetako Goi Mailako Ingeniaria da eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Masterra du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.

Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak azaldu duenez, Penillak “proiektua, haren izateko arrazoia eta erronkak oso ondo ezagutzen ditu”. Oso positibotzat jo du erabakia, “lurraldeko enpresak ezagutzen dituelako, haiekin lankidetzan aritzen baita; eta guk hura ezagutzen dugulako. Oso profesional kualifikatua da, kudeaketa- eta lidergo-gaitasuna du, ekimena, gure industria-sarearen eta bere erronken ikuspegi zabala, eta elkarlanean aritzen badaki".

Gipuzkoako industriaren zibersegurtasun zentroa da Ziur, eta fundazioak “eginkizun estrategiko bat izaten” jarraituko duela azpimarratu du Insaustik. Izan ere, "eraldaketa digitaleko prozesuak eta adimen artifiziala bezalako teknologien agerpenak zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa izatea eragingo dute gure industrian, bai mehatxuak prebenitzeko, bai garapen ekonomikorako aukera berriak sortzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK