
Basque Health Cluster eta Ibermatica Fundazioak antolatuta, osasunaren etorkizun digitalari buruzko jardunaldia egingo da gaur Bilboko BAT Dorrean. Erreferentziazko adituak izango dira bertan, horien artean Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta IMQ, Quirón Salud, Mutualia, Vicomtech, Farma Faes edota Ulma erakundeetako ordezkariak. Ekitaldiak azaleratu nahi du datuek duten garrantzia medikuntzaren ardatz eraldatzaile gisa. Aurreikusitako programatik harago, testuinguru horrek aukera emango du sektorea iraultzen ari diren aurrerapenak aztertzeko.
Digitalizazioak promesa izateari utzi dio, eta medikuntzaren praktikan aldaketaren motorra bilakatu da. Datu klinikoetarako sarbide masiboak, datuok adimen artifizialarekin aztertzeko gaitasunak eta konektatutako gailuen hedapenak aro berri bat zabaldu dute gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan. Agertoki horretan, bost aurrerapen izango dira medikuntzaren zutabeak datozen hamarkadetan.
Diagnostikoari aplikatutako adimen artifiziala
Adimen artifiziala osasun arloko langileen aliatua izan daiteke. Milioika irudirekin entrenatutako algoritmoak gai dira giza begiarentzat hautemanezinak diren patroiak antzemateko, minbiziak edo patologia neurologikoak hasierako faseetan identifikatuta. AAren eta ospitaleko datu handien konbinazioak diagnostikoak bizkortzen ditu, zehaztasuna areagotzen du eta terapia pertsonalizatuak diseinatzeko aukera eman. Gainera, sintomak agertu aurretik ere konplikazioak aurreikusteko gai diren laguntzaile birtualak merkaturatzen hasi dira.
Telemedikuntza eta urrutiko monitorizazioa
Pandemiak bultzatutako bideokontsultak egungo osasun sistemaren ereduan txertatu dira. Aitzitik, benetako potentziala gailu eramangarriekin konbinatzean sortzen da, hala nola ordulari adimendunekin, bio-sentsoreekin edo glukosa-monitore jarraituekin. Gailu horiek gai dira denbora errealean datuak jasotzeko, bihotz-maiztasunetik oxigeno-saturazioraino, eta datuok mediku-taldearekin partekatzen dira une oro. Horren emaitza da jarraipena eskuragarriagoa izatea, baita prebentzioa areagotzea ere. Halaber, gai da ospitaleratzea murrizteko eta paziente kronikoen edo landa-eremuetako pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.
Big Data eta analitika aurreratua
Datu klinikoen kudeaketa masiboek, ospitaletako baliabideak optimizatzea ez ezik, gaixotasunei aurrea hartzea ere ahalbidetzen du. IBM Watson bezalako tresnek informazio genetikoa, klinikoa eta bizimoduari buruzkoa aztertzen dute onkologian terapia pertsonalizatuak gomendatzeko. Kardiologian, iragarpen-ereduek presio arterialari, kolesterolari edo bizi-ohiturei buruzko datuak erabiltzen dituzte arriskuak kalkulatzeko eta balizko konplikazioei aurrea hartzeko. Datuak, gainera, ikerketa biomedikoaren zutabe bihurtu dira, aurkikuntza eta saiakuntza klinikoak azkartuta.
Medikuntza pertsonalizatua
Tratamenduaren eredu unibertsala ordezkatzen ari dira paziente bakoitzaren neurrira diseinatutako terapiak. AAren, sentsoreen eta plataforma kolaboratiboen integrazioari esker, medikuek banakako profil genetiko eta klinikoan oinarritutako estrategia terapeutikoak defini ditzakete. Errehabilitazioan, esaterako, sentsoreek denbora errealean antzematen dituzte pazientearen mugimenduak eta ahaleginak fisioterapia-plana doitzeko. Ikerketa farmakologikoan, ikasketa automatikoko algoritmoek izugarri murrizten dituzte molekula eta diana terapeutiko berriak bilatzeko denborak.
Biki digitalak
Biki digitalak jauzi kualitatiboa dira. Datu klinikoak, biometrikoak, genomikoak eta bizimoduari buruzkoak biltzen dituzten pazienteen erreplika birtualak dira, eta horrek aukera ematen du gaixotasunen bilakaera simulatzeko eta tratamenduen eraginkortasuna aurreikusteko. Neurokirurgian aplikatzen dira jada, eta garuneko aneurismen esku-hartzeak planifikatzen edo diabetesa maneiatzen laguntzen dute, izan ere, erabili beharreko intsulina kopurua denbora errealean neurtzen duen ereduak dituzte. Etorkizunean, elkarlaneko biki digitalek, populazio osoen datuekin elikatuta, ikerketa irauli eta medikuntza dimentsio berri batera eraman lezakete.
Bilbon egingo den jardunaldiak agerian uzten du digitalizazioak gero eta interes handiagoa pizten duela osasun-arloan. Erronka etiko, legal eta teknikoak izugarriak diren arren, norabideak argia dirudi: datuak etorkizuneko medikuntzaren lehengai bihurtzen ari dira. Adimen artifiziala, telemedikuntza, big data, tratamendu pertsonalizatuak eta biki digitalak ez dira berrikuntza soilak, baizik eta osasun-eredu prebentiboago, eraginkorrago eta gizatiarrago baten oinarriak. Gaur egun gorabidean dagoen iraultza dirudiena, urte gutxiren buruan, laguntza-errutinaren parte izango da.