Gure orografia ikusita, Euskal Herrian oso lotuta egon gara beti mendiarekin, eta inguru horretan egiten diren jarduerekin. Mendi-ibilaldiak, arrisku-kirolak edo perretxikoak biltzeko tradizioa izan, teknologia ere lagun handia izan daiteke inguru horretan. Mendian kirola egiten lagunduko duten hainbat tresna eta aplikazio daude, eta edozein larrialditan seguruago egotea ahalbidetzen dutenak
Gailu teknologikoetatik deskonektatzeko eta naturarekin konektatzeko leku bat geratzen bazen, mendia zen. Teknologia gero eta agerikoagoa da gure bizitzan, baita gure besoetako eskumuturrean ere, erloju adimendunekin. Kirolaren munduan, gailu eta aplikazio asko daude egiten diren ariketa-saioak monitorizatzen laguntzeko. Mendiko jardunaldien jarraipena egiteko, 2006az geroztik sektoreko erreferente bihurtu den aplikazio bat dago: Wikiloc. 2000ko hamarkadaren hasieran smartphone eta smartwatchak ez ziren gaur egun bezalakoak. 2006an, Jordi Ramot katalanak aplikazioa garatu zuen mendi-ibilaldiak, txirrindularitza eta aire zabaleko gainerako kirolak egiteko, eta beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko; hala, kirolaren inguruko komunitate bat sortu zuen. Wikilocek iOSerako aplikazio batekin egin zuen jauzi 2011n, eta urtebete geroago Googleren sistema eragilera iritsi zen. Keynoten edo Appleren 2019ko produktu berrien aurkezpenean, Apple Watch Series 5 aurkeztean, erloju berrirako aplikazio perfektuaren adibide gisa erakutsi zen Wikiloc. Harrezkeroztik, Appleren aplikazio-dendan mendian kirola egiteko aplikazio garrantzitsuenetariko bat bihurtu da, batzuetan AppStoren eguneko aplikazioa bilakatuz.
2006an, Jordi Ramot katalanak Wikiloc garatu zuen mendi-ibilaldiak, txirrindularitza eta aire zabaleko gainerako kirolak egiteko, eta beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko; hala, kirolaren inguruko komunitate bat sortu zuen
Wikiloc erabiltzeko, oso erraza da erregistratzea eta kontu bat sortzea zerbitzuan, bai posta elektronikoarekin, bai Google edo Applen kontuekin. Une horretatik aurrera, gomendagarria da aplikazioa smartphone eta smartwatchean deskargatzea, bat izanez gero. Zure kokapena duen mapa-sistema batekin, beste erabiltzaile batzuek inguru horretan egin ohi dituzten eta gomendatu dituzten ibilbideak erakusten ditu. Egin ohi diren ibilbideak ere parteka daitezke, beste pertsona batzuek ibilbide bera egin ahal izan dezaten eta, hartara, komunitate osoan aplikazioaren funtzionalitateak osa ditzaten. GPS konexioaren bidez, norberaren erlojuaren edo telefono mugikorraren pantailatik jarrai daiteke ibilbidea, mendian ez galtzeko. Gainera, lagun eta familiakoekin ere parteka daitezke ibilbideak, eta haiek noiznahi jakin ahal izango dituzte norberaren jarduera-estatistikak. Azkenik, azpimarratu behar da aplikazioa erabat euskaraz erabili daitekeela. Horretarako, beharrezkoa da gailua euskaraz konfiguratua izatea, gailuren hizkuntzaren araberakoa baita Wikilocena.
Edonon seguru egotea
Mendian kirola egitea deskonektatzeko modu onenetariko bat da. Hala ere, istripu edo larrialdi bat izanez gero, komunikatuta egotea da egokiena. Horretarako, Nafarroako Foru Aldundiak aspaldi jarri zuen martxan My 112 aplikazioa Androiderako eta iOSerako. Aplikazio hau 112 larrialdietako Europako zenbakira larrialdi-deiak egiteko diseinatuta dago, baina badu abantaila bat: gailuaren GPS posizioa bidaltzen du. Beraz, oso egokia da larrialdi bat izan eta mendian desorientatuta dagoenarentzat, larrialdi-zerbitzuek erraz aurkitzeko aukera eskaintzen duelako. Aplikazioak badu beste funtzio bat: gailuetan abisuak jasotzea. Alerta horiek pertsonalizatuta daude kokapenaren eta alerta gertatu den lekutik gertu dagoenaren arabera. Esaterako, elur-ekaitza, sutea, lurrikara... abisuak jaso daitezke.
Eusko Jaurlaritzak ere badu bere aplikazio propioa, Euskadiko larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzeko: 112 SOS Deiak. Kasu honetan ez da soilik mendirako, baina horretarako ere erabili daiteke. Besteak beste, GPS posizioa bidaltzen du, eta abisu sistema ere badu. Gainera, ahotsik gabeko zerbitzua ere eskaintzen du larrialdi zerbitzuekin komunikatzeko, eta kasu horretan lau larrialdi moten artean bat aukeratu behar da: istripua, larrialdi medikoa, sua eta lapurreta-erasoa. Horren ondoren ateratako txatak ahalbidetzen du zehaztasun gehiago ematea.
Mendian istripu edo larrialdi bat izanez gero, komunikatuta egotea da egokiena. Horretarako, Nafarroako Foru Aldundiak aspaldi jarri zuen martxan My 112 aplikazioa
Teknologiak, aurrerapen guztiek bezala, alde positiboa eta alde negatiboa ditu. Gaur egun ia ezinezkoa zaigu etxetik mugikorrik gabe ateratzea eta une oro aurkitzeko moduan egotea. Wikiloc, My 112 edo 112 SOS Deiak bezalako aplikazioak oso lagungarriak izan daitezke mendira joan, eta inoiz baino seguruago egoteko. Batek daki 10 urte barru, mugikorrak etxean utzi eta mendira errealitate areagotuko betaurreko batzuekin joango ote garen. Baliteke betaurreko horietan Wikilocen aplikazioa izatea, eta, adibidez, txori-, zuhaitz- eta landare-espezieak eskaneatu ahal izatea, naturan egiten ditugun jardunaldiak are gehiago aberasteko.