Abenduan bertan enpresa bilakatuko den Prospect Biotech proiektuak urrats garrantzitsuak eman ditu minbizi linfatiko eta leuzemien aurkako zelulen monitorizazio prozeduran. Argian oinarritutako teknologiari esker, goiz antzeman ahalko dira kultiboen akatsak eta asko azkartuko dira CAR-T moduko zelulen terapia tratamenduak, linfoma eta leuzemiei aurre egiteko.
Javier Plou ikertzaileak CIC nanoGUNEn garatutako teknologiak Basque Tek Ventures eta EIT Jumpstarter programaren babesa izan du. “Azken zortzi urteotan aritu naiz lanean proiektu honetan nanoGUNEn, eta nire doktorego tesia izan dut oinarri. Zelula terapien arloan beharrizan bat nabarmendu dugu. Terapia hauetan pazientearen zelulak erauziko dira eta bi astez kultibatuko dira gorputzetik kanpo; ondoren, berriro sartuko zaizkio pazienteari, minbizia antzeman eta eraso egin ahal izateko. Garatu dudan teknologia argian dago oinarrituta, eta bi asteko tarte horretan zelula horiekin zer gertatzen ari den jakiteko balio du, zelulok monitorizatu ahal izateko”, adierazi du. Teknologia berritzaile horrek Raman espestroskopia, nanopartikulak eta adimen artifiziala uztartuko ditu, zenbait minbizia linfatiko eta leuzemien aurkako zelulen terapietako tratamenduak azkartuta.
CAR-T terapian pazientea bere gorputzaren emaile bihurtzen da. Pazientearen T linfozitoak aldatzen dira, tumore-zelulei erasotzeko gaitasuna izan dezaten. Denbora errealean eta prozesua inbaditu gabe, CAR-T terapia bat behar bezala funtzionatzen ari den jakingo dute ikertzaileek teknologia berriari esker. Orain arte, terapia mugatu egiten zuen zelula-hazkuntzen monitorizazioan eraginkortasunik ez izateak. Gainera, egungo teknologiek ez dute kalitate-kontrol egokirik ahalbidetzen, eta horrek eskalagarritasunari eragiten dio, baita prozesua garestitu ere. “Gure teknologia online monitorizazio bat da, zelulek kontsumitzen dituzten metabolitoak behatzen ditugu. Egungo terapiak batezbesteko %20ko akatsen indizea du, kutsadura edo zelulen estresa, barneratze araua edo heterogeneotasun kontuak tarteko. Gure teknologia berri honi esker, asko murriztuko litzateke akatson maila”, gehitu du Plouk.
Oso kontuan hartu behar da tratamenduok arras garestiak direla. Izan ere, tratamendu bakoitzak 500.000 euroko kostua izan dezake. Hortaz, oso garrantzitsua da akatsok murrizteko ehunekoak jaitsi ahal izatea. Egungo terapietan dosi bakar bat ematen zaio pazienteari, eta horri esker asko azkartu da prozesu osoa. Tratamendu konbentzional ezberdinak (kimioterapia edota immunoterapia) erabili ondoren azken aukera gisa erabiltzen da CAR-T. Minbizi linfatikoen eta leuzemien kontra erabiltzen den prozedurotan %60 arintzen ari dira gaixotasunak teknologia berriei esker. Hurrengo urratsa tumore solidoei aurre egiteko ikerkuntza litzateke, etorkizunean enpresa berriak garatuko lukeena. “Erabiltzen dugun teknologiak ongi funtzionatzen duela egiaztatu denez, oso garrantzitsua da guretzat automatizazio prozesurako enpresa bihurtzea eta gastuak murriztu ahal izatea. Beste sektore batzuk egin duten bidea egin nahi dugu, baina gurea den moduko esparru berezi honetan”.
Tratamendu bakoitzak 500.000 euroko kostua izan dezake. Hortaz, oso garrantzitsua da akatsok murrizteko ehunekoak jaitsi ahal izatea. Egungo terapietan dosi bakar bat ematen zaio pazienteari, eta horri esker asko azkartu da prozesu osoa
Prospect Biotech soluzio bat garatzen ari da Raman espektroskopian (konposizio molekularra kontakturik eta erreaktiborik gabe aztertzeko gai den teknika optikoa) eta nanopartikulekin hobetutako modalitatean oinarritutakoa, seinalea anplifikatzeko eta bio-markatzaileen detekzioan sentikortasuna areagotzeko. Bien konbinazioak, adimen artifizialeko algoritmoekin integratuta, zelula-prozesuaren parametro kritikoak denbora errealean monitorizatzea, anomalia goiztiarrak detektatzea eta ekoizpena denbora errealean optimizatzea ahalbidetzen du.
“Datorren urteari begira, enpresa sortzearekin batera gure egitura sendotzea izango dugu helburu. Oso garrantzitsua izango da lantaldea eraikitzea: finantza-zuzendaria eta alor ezberdinetan espezializazio gehiago izatea espero dugu. Horrez gain, tokiko lankidetzekin jarraitu behar dugu, eta gero botika-enpresa handien bila irten behar gara. Gure propietate-industriala sentsorea bera garatzea izango da, eta dauzkagun eskabideei erantzun ahal izatea. Kapitala ere handitu beharko dugu horretarako”, azaldu du Plouk, etorkizuneko erronkak zehazterakoan.
Javier Plou: “Datorren urteari begira, enpresa sortzearekin batera gure egitura sendotzea izango dugu helburu. Oso garrantzitsua izango da lantaldea eraikitzea: finantza-zuzendaria eta alor ezberdinetan espezializazio gehiago izatea espero dugu"
Plou buru duen enpresa-ekimenak bigarren postua lortu du EIT Jumpstarter programa ospetsuaren osasun-kategorian. Europako programa nagusietako bat da ikertzaileentzat eta aro goiztiarretako eragile berritzaileentzat. Hainbat sektoretako 908 hautagaitzen artean, CIC nanoGUNE buru zuen ekimena bikaintasun zientifikoagatik eta merkatu-potentzialagatik nabarmendu zen, eta leku bat lortu zuen Budapesteko final handian 2025eko azaroaren 25ean. Final horretan, hautagaitzek beren proiektuak aurkeztu zituzten zenbait inbertitzaileren aurrean, eta Prospect Biotechek bigarren saria lortu zuen osasunaren kategorian.
EIT Jumpstarter zazpi hilabeteko iraupena duen Europar Batasunak finantzatutako ekimena da, ikerketak negozio bideragarri bihurtzen laguntzeko diseinatua. Parte-hartzaileek 12.000 euro jasotzen dituzte finantzaketan, enpresa-oinarrietan, prestakuntza intentsiboan eta mentore lanetan. Gainera, inbertsio eta lidergo industrialeko Europako sarean parte hartzeko aukera ere izaten dute, eta, jakina, baita sariak ere, irabazle suertatuz gero.