MUBILek eta Tecnunek City Science Lab Gipuzkoa abian jartzeko hitzarmena sinatu dute

Ikerketa laborategi berriak mugikortasun iraunkorreko proiektuak landuko ditu eta Bostongo MIT Media Labek bultzatutako nazioarteko sarearen parte izango da

Raul Anton Tecnuneko zuzendaria eta Ane Insausti MUBILeko eta laborategi berriko zuzendaria | Argazkia: Tecnun Raul Anton Tecnuneko zuzendaria eta Ane Insausti MUBILeko eta laborategi berriko zuzendaria | Argazkia: Tecnun

Tecnunek, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak, eta MUBIL Fundazioak, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren guneak, hitzarmen bat sinatu dute City Science Lab Gipuzkoa martxan jartzeko, mugikortasuna hobetzeko proiektuetan oinarritutako berrikuntza laborategia. MUBILen eta Tecnunen egoitzetan kokatuko den laborategi berri hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, MUBILek eta Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) City Science Media Lab taldeak martxoaren hasieran Bostonen sinatu zuten akordiotik sortu da, eta 1,2 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa du datozen hiru urteetarako.

MUBILeko eta laborategi berriko zuzendari nagusi den Ane Insaustik adierazi duenez, lurraldea nazioartean mugikortasun adimendunaren eta iraunkorraren esparruan eragile garrantzitsua izatea da helburua: “City Science Lab egiten ari garen lanaren adibide ona da, eta sareko lanak eta elkarrekiko ikaskuntzak aukera handiak eskaintzen ditu. Gainera, Tecnun laborategia martxan jartzeko batzen den lehena da, eta ziur gaude etorkizunean beste batzuk ere batuko direla”, nabarmendu du.

Bestalde, Tecnuneko zuzendariak, Raul Antonek, lurraldeko berrikuntza laborategi aitzindari bat inauguratzearen harrotasuna azpimarratu du, sektoreko enpresentzat irekita egongo dena, sinergia berriak sortzeko eta ezagutza trukea sustatzeko aukera emango duena. “Ingeniaritzako irakasle eta ikasleek Gipuzkoako mugikortasun adimendunaren erronkei erantzutea helburu duten proiektuetan lan egingo dute, eta hori guztia MUBILen eta MITen eskutik”, gaineratu nahi izan du.

Era berean, Tecnungo zuzendariak adierazi duenez, laborategi hori Gipuzkoa mundu osoko hirien elkarlanerako sare esklusiboan sartzeko behin betiko urratsa da. Sare hori MITek babesten du, eta Shanghai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh eta Concepcion (Txile) ditu partaide. Ildo beretik, Ane Insaustik azpimarratu du dagoeneko sarean dauden hiriekin lankidetzan aritzea onuragarria dela, baita haien esperientzietatik ikastea ere.

City Science Network izeneko nazioarteko sareak, mundu osoko erreferentziazko hirietako ikerketa laborategietan oinarritutako lan metodologia bakarra planteatzen du, herritarren erronkei erantzuteko eta hiri edo eskualde eredu berri baterantz aurrera egiten laguntzeko. Ekimenaren esparruan, hiri horiek, laborategi kooperatiboen nazioarteko sare batean integratuta daudenek, MIT Media Labekin batera lan egiten dute ingurune errealetan inplementatzen eta ebaluatzen diren kontzeptu eta teknologia giltzarriak garatzera bideratutako ikerketen garapenean, esperimentazioa ardatz hartuta. Gipuzkoaren kasuan, ikerketa lan eta proiektu berritzaile horiek mugikortasunaren eremuan zentratuta egongo dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK