
City Science Lab (CSL) Gipuzkoa izeneko laborategia aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mubilek, Massachusetts-eko (AEB) teknologia institutuak (MIT Media Lab) eta Tecnunek bultzatutako proiektua da, eta helburu du etorkizuneko irisgarritasuna eta mugikortasuna diseinatu eta sortzeko erreferentziazko espazio izatea.
Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusia, Kent Larson MIT City Science-ko zuzendaria, Luis Alonso MITeko ikertzaile eta arkitekturako doktorea, eta Zuriñe Varela laborategi berriko zuzendari zientifikoa.
“Gipuzkoako erreminta digitalarekin urrats erabakigarria egin dugu lurralde eredu konektatuago, jasangarriago eta lehiakorrago baterantz. Proiektu hori ezin izango zen sortu Mubil Centerren sortzen den azpiegitura teknologikorik eta ezagutzarik gabe, mugikortasun adimendunaren eremuan berrikuntza aplikatuaren motor gisa jarduten baitu. Maketa digital hori abian jartzea mugarri garrantzitsua da Gipuzkoarentzat, beste behin ere Europa mailan zein, jakina, tokiko testuinguruan lider dela erakusten baitu”, adierazi du Mendozak.
Laborategi berrian eskuragarri dagoen maketa interaktiboari esker, 80 zerbitzu estrategiko baino gehiagotara (ospitaleak, ikastetxeak eta azpiegitura kritikoak) iristeko denborak modu intuitiboan ikus daitezke, lau garraiobide erabiliz: oinez, autoz, garraio publikoz eta bizikletaz.
Ingurune bisual eta interaktibo horrek egungo mugikortasuna ulertzen laguntzen du, eta, gainera, simulazio tresna indartsu bihurtzen da, egin daitezkeen esku-hartzeak aztertzeko eta haien eragina ebaluatzeko.
Gipuzkoa City Science, mundu osoko sare baten hamargarren laborategi operatiboa izango da. Sare hori Amerikan, Europan, Asian eta Ekialde Hurbilean zabalduta dago eta Cambridgen, Hanburgon, Shanghain, Toronton, Taipein, Andorran eta Guadalajaran ditu zentroak, besteak beste.