Mugikortasun jasangarria: etorkizuna hemen da

Autoentzako haririk gabeko kargadoreak, bateria elektrikoentzako plakak eta zama handiak eramateko patineteak aurkeztu dituzte, besteak beste, Go Mobility azokan

Ikerlaneko Andoni Saez de Ibarra, haririk gabeko kargadorearen xehetasunak azaltzen | Argazkia: Maite Reizabal Ikerlaneko Andoni Saez de Ibarra, haririk gabeko kargadorearen xehetasunak azaltzen | Argazkia: Maite Reizabal

Ikerlan ikerketa zentroaren postura hurbilduta, moto baten prototipoa ikus daiteke, atzean janari-banatzaileek eramaten duten kaxa baten antzeko zerbaitekin. "Haririk gabeko kargadore bat da", dio Andoni Saez de Ibarrak, Energia Biltegiratze eta Kudeaketa arloko ikertzaile eta proiektu honen buruak. "Errepidean dagoela, ibilgailu elektriko bat energia gabe geratzen bada, motor hau —elektrikoa dena— hurbildu daiteke. Atzean dagoen kaxan bateria batzuk daude, baita elektronikako beste ekipo batzuk ere, ibilgailuari karga puntuala eman diezaioketenak, karga puntu batera iritsi ahal izateko", gaineratu du ikertzaileak. Proiektu horrek Second Life izena du, eta Tecnove eta CesviMap enpresekin batera garatu dute. Berritzaile izateaz gain, bateriei bigarren bizitza ematen die: "ibilgailu elektriko batean izan daitezkeen bateriak berrerabili daitezke aldi baterako euskarri teknikoa eskaintzeko".

Second Life Ikerlanek Go Mobility azokan aurkeztutako produktuetako bat da. Izan ere, mugikortasun jasangarria du hizpide feria honek, berriro ere maskararik gabe egin den lehenengoetarikoak. Mubil mugikortasun zentroak antolatu du, Ficoba erakustazokarekin batera, eta Gipuzkoako zein beste hainbat lurralde eta herrialdetako 100 eragile baino gehiago erakarri ditu Irunera. Helburua, bikoitza: mugikortasun elektriko eta jasangarriari lotutako proiektuen erakusleiho izatea beste behin —hirugarren edizioa da—, enpresek eta bestelako erakundeek bertan jarritako postuetan; eta egungo eta etorkizuneko mugikortasunaz hausnartzeko espazio bat eskaintzea, mahai-inguru eta hitzaldien bitartez. Atzo izan zen lehen eguna, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Mubileko ordezkariek hartu zuten parte aurkezpenean. Gaur bukatuko da. "Jardunaldi interesgarria izaten ari da aurtengoa. Momentuz ondo doa, eta enpresa eta entitate desberdinetatik jendea hurbiltzen ari da gure eskaintza teknologikoa ezagutzera”, dio Saez de Ibarrak. "Ilusio handiz etorri gara, eta jendeak gure produktuekiko interesa duela nabaritu dugu", nabarmendu du Mikel Peral PowerLabseko zuzendari nagusi eta fundatzaileak.

"Ilusio handiz etorri gara, eta jendeak gure produktuekiko interesa duela nabaritu dugu", nabarmendu du Mikel Peral PowerLabseko zuzendari nagusi eta fundatzaileak

PowerLabs BIC Gipuzkoako ekosisteman sortu zuten hasiera batean. "Ondoren, MUBIL proiektua ezagutu genuen, eta proiektua mugikortasun elektrikoaren esparrukoa denez, euren parte izatea garrantzitsua iruditu zitzaigun". Bi produktu garatu dituzte, biak sistema 'adimentsuak'. Lehenengoa, auto elektrikoen baterietarako plaka bat, deskargak, tenperatura, segurtasuna eta abar kontrolatzeko. "Bateria da auto elektriko bateko osagairik handiena; nolabait pila asko dira, pilatuta, baina pila horiek ez dira adimentsuak eta, beraz, ez dakite noiz kargatu edo deskargatu behar diren. Softwareak eta elektronikak lortzen duen zerbait da, eta hori da hain zuzen gure lehenengo produktua", azaldu du enpresa buruak. Bigarrena ere elektronikari lotuta dago: bateria eta motorraren konexiorako sistema adimentsua da. "Teknologia hori automobilgintzan existitzen da, batez ere eskala handiko ekoizleek hori garatu dutelako; aldiz, bestelako merkatuetan, hain handiak ez direnetan, teknologiak ez du hain bilakaera handia izan, eta ez dago alternatiba asko", dio PowerLabsekoak.

Aipatutako enpresa nahiko berria da. 2020an abiarazi zuten. "Unerik onena hautatu genuen; koronabirusaren krisia, erdieroaleen krisia, krisi energetikoa, eta gerra izan dira tartean", dio Peralek. Aldiz, testuingurua bera lagungarria izan da nolabait proiektua aurrera atera ahal izateko. "Munduak badaki zer edo zer egin behar duela emisioak hobeto kudeatzeko. Elektronika, bai hidrogenoaren produkzioan, bai ibilgailuetan, oso garrantzitsua da, eta ez daude enpresa asko teknologia hau dutenak. Horregatik, egoera oso ona ez izan arren, gure bezeroek behar asko dituzte", azpimarratu du. Euren hazkundea horren isla da. Bi lagunek hasi zuten proiektua; egun, bi urte beranduago, hamabi dira, eta udarako hamabost izango dira, ondo bidean.

Zama eramateko patineteak

Mugikortasun jasangarriaren beste adibide garbi bat dira KimuaGroupen patineteak. Enpresa 2011an jaio zen, zama manipulazioari lotutako ingeniaritza proiektuak garatzeko. "Duela bi urtera arte, industriara begira izan gara beti: eoliko, trenbide, eta siderurgian sartuta. Ikusi genuen karga manipulazioak industriako edozein arlotan gerta daitezkeela, eta erabaki genuen aukera jasangarri bat eskaintzea", esan du Nagore Azkue Berrikuntza arduradunak. Hala sortu zen Kimubil patineteetako lehenengoa. "Patinete elektriko bat da, zama handiak manipulatu ahal izateko. Palet europarrak altxatzeko aukera eskaintzen du, eta oro har 500 kilo bitarteko pisuak", azaldu du Azkuek. Bigarrena, berriz, hiri eta herri eremuetan erabiltzeko asmatu zuten. "Esparru publikoan mantenurako, garbiketarako, segurtasunerako... karga handia eraman behar da maiz. Gainera, oinezkoentzat geroz eta espazio gehiago jartzen ari dira, eta autoak erdiguneetatik desagertzen ari dira pixkanaka. Horretarako dago pentsatuta bigarren modeloa", dio Berrikuntza arduradunak. “Arlo publikoko patinetea txikiagoa da bestea baino, eta karga gaitasun gutxiagoa du. Aldiz, atzeko partea aldatzeko aukera eskaintzen du, hainbat ofiziotara egokitzeko", gehitu du Azkuek. Labur esanda, biak dira elektrikoak eta berdin funtzionatzen dute; “gaitasuna” eta “tamaina” aldatzen dira soilik.

Pozik daude euren proiektuak izandako harrerarekin. "Nahiko mugimendu dago. Kuriositatez hurbildu den jende asko ikusi dago, eta erosteko lehen intentzio horrekin datoz. Beraz, seinale oso ona da", azpimarratu du arduradunak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK