Nafarroako enpresen %47 eraldaketa digitalean murgilduta dago

Nafarroako Enpresarien Federazioak (CEN) aurkeztu zuen atzo eraldaketa digitalari buruzko txostena. Lurraldeko konpainien %68k ez dituzte digitalizaziorako laguntza publikoak eskatu

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) lurraldeko enpresen eraldaketa digitalari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo. Egindako ikerketaren arabera, Nafarroako konpainien %47 egun eraldaketa digital batean prozesuan murgilduta dago. Hortaz, lurraldeko enpresen erdiak baino gehiagok ez dute oraindik digitalizazioranzko pausoa eman.

Ikerketa ontzeko, CEN 500 enpresa eta 28 enpresa elkarterekin aritu da lankidetzan. Halaber, atzoko aurkezpenean izan ziren Carlos Fernandez Valdivieso CENeko idazkari nagusia eta Txema Aguinaga Nafarroako Gobernuko Telekomunikazio eta Digitalizazio saileko zuzendari nagusia. Hala, Nafarroako enpresek digitalizaziorako laguntza publiko gutxi eskatu dituztela azpimarratu zuen Valdiviesok, azken urtean enpresa guztien %68k ez baitzuen diru laguntza eskaerarik egin.

Era berean, galdetegia bete zuten enpresen %60k Nafarroan digitalizazio maila ertaina edo altua dela iritzi diote. Aitzitik, ehunekoak behera egiten du enpresa ertainen kasuan, %50tik behera, hain justu ere. %38k, aldiz, digitalizazio maila baxua dutela erantzun dute. Bestalde, inkestatutako enpresen %67k eraldaketa digitala burutzeko pertsonal teknikoa nahiz bestelako baliabideak ez dituztela erantzun dute.

Edonola ere, enpresen %64,7k Interneten oinarrizko presentzia badutela uste dute, web orria eta sare sozialen bidez, eta %33,3 ziberseguritate arloan ari da lanean. Gainera, enpresen %33k eraldaketa digitalaren kultura indartzen dihardute egun. Beste gai batzuk ere azaldu dira inkestan, hala nola, Gauzen Interneta (enpresen %4,2 ari da jorratzen), eta adimen artifiziala (%4,6).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK